Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Azoka Zerainen

Euskal Herriko eta atzerriko 23 ekoizle izan dira Zeraingo azokan euren produktuak ezagutaratzen eta saltzen
Muztioa egind dute Zerainen, Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 24. Azokan

Muztioa egin dute Zerainen, Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 24. Azokan

Barazkiak, ogia, eztia, gazta… hainbat produktu ekologiko dastatzeko eta erosteko aukera izan dute gaur goizean Zerainen bildu direnek: Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 24. Azokak ehunka bisitari erakarri ditu herrira. Euren produktuak ezagutarazteko aukera paregabea izan dute Zerainen bildu diren 23 ekoizleek. Horretaz gain, bisitariek jana eta edana eskuratzeko postuak eta informazio puntuak jarri dituzte.

Txerriki poto bat erosi du Jean Mari Irigoienen postuaren inguruan dagoen emakume batek. Irigoien “saltzaile ona” dela adierazi du, eta gaineratu du txerrikiaren zaporea “apartekoa” dela. Handik metro gutxira, gizon batek liluratuta begiratzen dio Sandra Clivilleren postuari. Clivillek, artilez egindako arropa eta apaingarri koloretsuak saltzen ditu.

“Birrindutako sagarrak tolarera bota, eta bertan, prentsatu egiten ditugu: hortik ateratzen da muztioa”, azaldu dute Maialen Alustizak eta Aroa Saez de Egilazek. Muztioa egiten eta saltzen ari dira, eta euren postua azokatik pixka bat aldenduta dagoen arren, nabarmendu dute “egindako muztio guztia” saldu dutela.

Ekoizleentzat eta bisitarientzat onuragarria izan da azoka. Izan ere, Euskal Herriko produktu ekologikoen erakuslehioa bihurtu da, eta bisitariek aukera izan dute produktu horiek dastatzeko. Dudarik gabe, giro aparta izan dute gaur goizean Zerainen.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend