Olentzeroren agenda ziztuan betetzen ari da
Lenbur fundazioak antolatuta, Euskal Herri osoko haurrek eta familiek Olentzero ikazkinari bisita egingo diote azaroaren 3tik Gabonak bitartean. Honezkero 3.000tik gora bisitarik eman dute izena.Dagoeneko 3.000 baino hitzordu gehiago ditu Olentzerok Mi...
Lenbur fundazioak antolatuta, Euskal Herri osoko haurrek eta familiek Olentzero ikazkinari bisita egingo diote azaroaren 3tik Gabonak bitartean. Honezkero 3.000tik gora bisitarik eman dute izena.
Dagoeneko 3.000 baino hitzordu gehiago ditu Olentzerok Mirandaolan. Azaroaren 3an hasiko da mendian beherako bidea; basoan ondutako ikatza jaitsi, eta burdinolan bisita egin nahi dioten haurrak eta familiak hartuko ditu. Olentzero ezagutzeko hitzorduak hartzeko tartea iraila hasieran zabaldu zuten eta Euskal Herriko hamaika txokoetatik deika ari dira jada. 10.000 bisitari izan zituen iaz eta aurten ere halako kopurura hurbilduko dira. Iaz, izan ere, 2.000 lagun inguru itxaron zerrendan geratu ziren, eta horietako asko dira seguruenik dagoeneko izena eman dutenak. Aurtengoa Olentzero Mirandaolara jaisten den zazpigarren urtea da.Azaroaren 3tik abenduko bere egun handira arte larunbatetan eta igandetan 10:00etatik 19:00etara hartuko ditu bisitariak. Zubietan ere izango da eta bestelako jaiegunetan ere bai. Ikastetxeak astean zehar joaten dira.
«Magia biribildu»
Ez dira soilik Olentzerorekin berarekin pasatzen duten tartea. Lenbur fundazioak familiei egun osoko planak eskaintzen dizkie. Ekintza guztiak Gabonekin lotuta daude. Lenburreko Olatz Condek kontatu duenez, esate baterako, «Olentzeroren eskutik ardien mundua kontatzen dugu. Erraizabal baserrian kapa berria egiten diotela Olentzerori ere opariak egiteko, edo ardiak ile apaindegira joan ostean, artile horrekin Olentzerori galtzerdiak egiten dizkiotela».
Finean, Olentzeroren «magia biribildu» nahi dute bisitarekin batera eskaintzen dituzten bestelako ekintzetan, «gurea, hala ere, ez da txiki park bat», zehaztu du Condek, «bisitariak etxeko lan eta guzti itzultzen dira etxera».