Iazko irabazle berberak izan zituen larunbateko Igartzako VI. Mendi Duatloiak: Zuriñe Frutos eta Alain Santamaria. 44 kirolarik parte hartu zuten banaka; tartean bi neskak, Zuriñe Frutosek eta Bakarne Almazanek. Frutosek 1:56:20ko denbora behar izan ...
Zuriñe Frutos
Iazko irabazle berberak izan zituen larunbateko Igartzako VI. Mendi Duatloiak: Zuriñe Frutos eta Alain Santamaria. 44 kirolarik parte hartu zuten banaka; tartean bi neskak, Zuriñe Frutosek eta Bakarne Almazanek. Frutosek 1:56:20ko denbora behar izan zuen 22 kilometro 5,4 kilometro korrika, 13,5 kilometro txirrinduz eta beste 3,1 kilometro korrika osatzeko eta Bakarne Almazanek, 2:23:26.
Gizonezkoei dagokienean, Alain Santamariak (1:18:03), Eneko Gurrutxagak (1:19:13) eta Alex Ordeñanak (1:20:03) osatu zuten podiuma. Santamariak iaz baino 24 segundo gutxiago behar izan zituen zirkuitu osoa egiteko.
Bikoteka eta taldeka
Bikotekako lehian, hamaika bikotek hartu zuten parte. Horietako bikote bat mistoa izan zen eta beste bat bi neskek osatua. Martin Larrañaga-Ekleyson Marques (1:16:39), Enaitz Roteta-Axier Aburuza (1:17:40) eta Aitor Pradini-Iñigo Belloso (1:24:11) izan ziren iristen lehenak. Taldekako sailkapenari erreparatuz gero, Tolosa eta Billabona aldeko kirolariek osatutako Galarregi-Galdaratz taldea izan zen irabazle.
Hilaren 29an Arriaranen
Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko laugarren proba puntuagarria ere Beasainen jokatuko da, Arriaranen. Hilaren 29an izango da, 16:00etan hasita. Lehenengo sektorean 6,5 km egin beharko dituzte lasterka; bigarren sektorean 15 km mendi bizikletaz; eta hirugarren eta azken sektorean, 2,17 km korrika. Izena eman daiteke dagoeneko
kirolprobak.com webgunean. Helduen lasterketa hasi aurretik, haurren probak jokatuko dira.