Euskaraldia dinamizatuko duen hamaikakoa egiten ari dira herriz herri. Bihar Legazpiren txanda da. Elizondo parean elkartuko dira 19:30ean
Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan hamaika egunez euskaraz jarduteko erronka da eta Legazpin, beste herri askotan bezalaxe, ari dira jada giroa berotzen hamaikakoaren aurkezpenarekin. Legazpiko aurkezpena bihar da, 19:30etik aurrera, Elizondo parean.
Hamaikakoa, futboleko zentuzari jarraiki, herri bakoitzean Euskaraldia ezagutzera emateko prest dagoen herritar talde batek osatzen du, honezkero
belarriprest edo
ahobizi izateko konpromisoa hartu duten herritarrak dira. Biharko aurkezpenean jakingo da nortzuk diren Legazpiko hamaikakoaren kideak.
Asier Iriondo prestaketa batzordean lanean ari da. Azaldu duenez, «aurkezpen orokor bat egin genuen eta espero baino jende gehiago bildu zen, bertan izan zirenei zer egiteko prest zeuden galdetu eta handik batzorde bat atera zen». Astero-astero elkartu dira eta biharko aurkezpena prestatu dute.
Antton Iraetak eta Jone Narbaizak gidatuko dute ekitaldia. Ane Urtzelai eta Ane Arrizabala trikitilariek alaituko dute ekitaldia eta Malen Urbegain kantariak ere parte hartuko du. Zingi Zango euskara elkarteko kideak, udaleko ordezkariak, Euskaraldiaren lantaldea eta beste legazpiar asko ere bertan izango dira.
Iraetak eta Narbaizak hamaikako kideei elkarrizketa egingo diete, eta haien ahotik
ahobizi eta
belarriprest izateko zenbait egoera aurkeztuko dituzte. Iriondok ekitaldian gidari izango direnen gaztetasunari azpimarra egin dio. Halaber, aurreratu duenez, biharko ekitaldiak «hainbat sorpresa» ere hartuko ditu. Bide batez, adierazi du Legazpiko Euskaraldiaren egutegia azalduko dutela, zer egiteko asmoa daukaten eta dinamika bera ere zertan datzan agertuko dutela.
Aurrera begira Legazpiko kaleetan mahaiak jarri eta Euskaraldian parte hartuko dutenen izenak jasotzeko asmoa daukate.