Lazkao Txiki jaiotetxean omenduko dute larunbatean, saio berezi batean
Abalin baserria irekiko die sendiak bisitariei, Joxe Migel Iztueta bertsolariaren gela eta gauzak ikusteko. Atarian bertso saioa izango da. Liburuxka bat idatzi dute haurrekJoxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria (Lazkao, 1926 1993) hil zela 25 ur...
Abalin baserria irekiko die sendiak bisitariei, Joxe Migel Iztueta bertsolariaren gela eta gauzak ikusteko. Atarian bertso saioa izango da. Liburuxka bat idatzi dute haurrek
Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria (Lazkao, 1926 1993) hil zela 25 urte direnean, Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak, udalak eta Lazkao Txiki Musika Eskolak saio berezia antolatu dute. Abalin jaiotetxean izango da, larunbat goizean. Horrez gain, Lazkaotxikikeriak liburuxka ere idatzi eta argitaratu dute, San Benito ikastolako ikasleek egina.Larunbatean, 11:00etan Lartxai elkarte parean bat egingo dute Lazkaotik, Zaldibiatik eta inguruko herrietatik igoko diren bisitariek. Oinez joango dira handik Abalin baserrira. Baserriko ateak zabalduko dizkiete sendikoek bisitariei, 11:30ean, eta Lazkao Txikiren gela, sehaska, liburuak eta gorde dituzten makina bat gauza ikusi ahalko dira.
Eguerdian, bertso eta musika saio berezia egingo dute, atarian. Lazkao Txikiren kantukide izandakoak, bertso zaharren biltzaileak, familiakoak, musika eskolakoak eta Zaldibiako guraso eta haur taldea ariko dira.
Bertsolariak eta kantariak
Lehenik, Felipe Barandiaran ilobak agurra egingo die bertaratuei. Ondoren, Euxebio Igartzabal, Mikel Mendizabal eta Millan Telleriak saiotxoa egingo dute. Jarraian, Xabier Amurizak Lazkao Txikiren bertsoekin prestatu duen kantaldia egingo du. Eñaut eta Unai Agirrek, aukeratutako bertso sorta bat kantatuko dute. Zaldibiarrek, berriz, egunsentiari eta ispiluari jarritako bertsoak.
Zaldibiako plazatik 10:00etan abiatuko dira, urtean zeharrerako guraso talde batek egingo dituen txangoetan lehenean. Abalingo ekitaldiaren ondoren, ogitartekoa jan, eta Gurutzeta baserritik behera jaitsiko dira. Lazkao Txikik erosi zuen etxea.
Lazkaoko Udalak joateko deialdia egin du. «Oinez joateko gomendioa egiten dugu, ibilbide polita delako», esan zuen, atzo, Felix Urkola alkateak. Aurkezpenean izan ziren Iñaki Murua, Eñaut Agirre, Felipe Barandiaran, Nerea Barandiaran, Aloña Jauregi zaldibiarra eta Joxepa Madariaga ere, Lazkao Txikiren eskulturaren aurrean, Zelaian.
‘Lazkaotxikikeriak’
Ikastolan iaz LH4 maila egin zuten ikasleek, bestetik, Lazkaotxikikeriak liburuxka aurkeztu dute. Lau geletako bakoitzak ipuin bana idatzi zuen, eta batena argitaratu dute. Ainara Azpiazu ilustratzaileak egin ditu marrazkiak. Abalinen erosteko aukera izango da (euro 1) zapatuan.
Hain zuzen, Lazkao Txikik umeekin zeukan abegia oroitu zuten, atzo, ezagutu zutenek. Pasadizo batzuk kontatu zituzten, umeei eskupean txanpona emateko zuen ohituraz. Ororen gainetik, hura ezagutu ez zuten belaunaldi berrientzat transmisio lana beharrezko dela azaldu dute, pertsona eta balio aldetik.