Ibaia garbitzeko herritarrei zuzendutako kanpainez gain, esku profesionala kontratatzeko beharra ikusi du udalak. 4.100 euroko kostua izango dute lanek eta ia erdiak dirulaguntza izango du
Ordizia zeharkatzen duten bi ibai nagusietako ubideetan garbiketa lanak egiten ari da udala. Pasa den astean hasi ziren Oria eta Amundaraingo lau kilometro eta erdian, eta dagoeneko 3.500 kilo zabor atera dituzte. Txukun lorezaintza enpresa ari da lanak egiten.
Astebeteko lana izan behar zuenak, azkenean bi aste iraungo ditu. «Uste baino lan handiagoa dago egiteko» esan du Joseba Aranburu Ordiziako Udaleko zinegotziak. Horregatik, astebete gehiago jardungo dute. Eskuz ari dira hondakinak jasotzen, ibaiari ahalik eta kalte gutxien egiteko.
Tokiko Agenda 21
Azken urteotan, udalerriko ikasleei zuzendutako garbiketa kanpainak egin dira, eta Erreka Eguna da adibideetako bat. Horrelako ekintzak antolatzeak «he- rritarrak sentsibilizatzeko balio dute batez ere», Aranburuk esan duenez.
Baina legealdi hasieran udalak martxan jarritako Hondakinen Mahaian, «garbiketa sakonagoa egiteko eskaera jaso zen», argitu du. Horren aurrean, «lan profesionala beharrezkoa» zela adierazi du.
Ordiziatik pasatzen diren ibaien eremuak garbitzeak, beraz, «4.100 euroko kostua izango du eta udalak 1.722 euroko diru laguntza jasoko du, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentutik, Tokiko Agenda 21ak garatzeko eta tokiko eta eskualdeko 2030eko Garapen Iraunkorreko helburuak lortzeko programatik.