Ordiziako herrigunean 70 postutik gora jarriko dituzte mota askotako artisau produktuak saltzeko. Ordiziako hainbat taldek ere lagunduko dute asteburua girotzen
Ordiziako alde zaharra edo gune historikoa, berriro ere Erdi Aroko edo aintzinako feriaren eszenatoki bihurtuko da. Aurten XXIII. edizioa ospatuko da,
Aintzinako periak goiburupean.
Azken 23 urte hauetan, Napar Bideak Nafarroako Artisau Elikagai Elkarteak, ofizioetako artisauek eta Ordiziako Udalak, herritarrekin eta bisitariekin batera osatu dute Antzinako Azoka. Ordiziak 1268. urtetik, baita lehenago ere, mota guztietako merkantziak ikusi ditu bere bideetan barrena igarotzen; artilea, orotariko baserriko produktuak edota gaztak, besteak beste.
70 postutik gora
Asteburu honetan ere 70 artisau postutik gora izango dira herriko kaleetan: Erronkari eta Idiazabal gaztak, hestebeteak, marmeladak, txokolateak, larrua, zeramika, loreak, xaboiak, arropa, ukenduak, artilea, poltsak, urregintza, kandelak eta sendabelarrak, beste produktu batzuen artean.
Ikusi eta erosketak egiteko egongo diren postuez gain, bestelako ekintzak ere ekarriko ditu Erdi Aroko azoka honek. Izan ere, juglareak, trobalariak, ipuin kontalariak, tailer desberdinak eta hainbat ekintza gehiago ere izango dira.
Gainera, Ordiziako arku tiraketa taldekoek erakustaldia egingo dute pilotaleku txikian. Dena den, arku tiraketakoena ez da izango festa honetan parte hartuko duen herriko talde bakarra. Beti Argi musika bandak, Larrun Arri abesbatzak eta Urrup antzerki taldekoek ere parte hartuko dute eta Ordiziako kaleak girotzen lagunduko dute.
Bisita gidatua
Erdi Aroko azokaren ekintzen baitan, eta Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrenaren harira,Gure Iragana elkarteak
Gaueko bisita Barrena jauregira ekimena antolatu du larunbaterako, 20:00etan.
Bisitaria, garai bateko jauregiaren tenstuingurura eramango dute. Horretarako, jauregiaren iluntasunaren kutsu misteriotsuaz baliatuko dira, garaiko sentsazio eta itxura berreskuratzeko asmoarekin.
Egoera hori baliatuz, herritarrentzat ezezagunak izan daitezkeen hainbat gertakizun historiko eta istorio kontatuko dituzte.