Gaztaina eta errezila, udazken iragarleak

Atzokoarekin bukatu dira aurtengo udako azokak, eta produktu eskaintzak erakusten du jaki mota aldaketa. Garai-garaikoa da babarruna, eta ugaritzen hasia da.

Errezil_sagarra_Ordiziako_

Galtzen ari gara garaian garaikoa zer den erakusten duen jakitatea. Baserria eta kaletarren arteko amildegia sortzen hasia da. Lurretik eta lurra landuz bizi zirenek zekitena ez da gizaldi batetik bestera pasatu. Eta dendetan urteko edozein hilabetetan denetik dagoenez nonahikoa izanik ere, ez da erraza asmatzen noiz den zeren garaia, barazki eta fruituetan bereziki. Aldiz, naturari jarraitzeak duen garrantziaz behin eta berriz ohartarazten dute adituek.

Garai hauek gako asko uzten dituzte agerian. Jaki indartsuagoak sortzen ditu naturak, negurako prestatuko gaituztenak, hala nola, gaztaina, hurra, intxaurra, babarrun.a..; eta aire librean neguari aurre egingo diotenak: eskarola, aza, porrua… Zer sortu, hura jatea komeni.

Guzti horren lekuko dira gure merkatuak. Atzo Ordizian lehen gaztainak ikusi genituen, kiloa 3-3,5 euro artean. Baliarrain, Arama eta Oiartzungoak. Duela aste bete Donibane Lohizunen urteko lehenak ikusi genituen, Biriatun bilduak, 5 euroan. Japoniar esaten dioten motakoa da, izan ere duela hamarkada batzuk hemengo gaztainondo gehienak gaixotasunak jo eta ia osotasunean galdu ziren.

Lehen errezil sagarrak ekarri ditu Itsasoko Maria Jesus Oriak, kiloa 4 euroan; «Erortzen hasi direnez, bildu eta ekarri ditugu. Ez da ez hain sagar urte ona izango aurtengoa» zioen.

Konferentzia udara eskaintzen du Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk, ondoan Yumbo motako sagar ederrak dituela; ale batek 770 gramoko pisua zuen.

Barazkietan, bat azpimarratzekotan, eskarola; eder askoak ikusten dira, bai lisoa eta baita kizkurra ere, 1-1,5 euro artean bakoitza. Makina batentzat entsalada ederra egiteko adina mami badu bakarrak, aitzakiarik gabeko prezioan.

Babarrun_beltza_Ordiziako_Babarruna, neguko jakia

Dagoeneko aukera ederra dugu babarrunetan: zuria, lekan 8-10 euro artean; gorria, aletua bakarrik ikusi dugu, 12 euroan; pintoa da gutxien dagoena eta Arantxa Zurutuzak lekan eskaini izan du eta aurrerantzean aletua, 10 euroan. Hala ere. preziatuena beltza da: aletua 13-14 euro artean kiloa, eta lekan, 11 euroan.

Garbi dago gure kulturan ondo errotutako jakia dela,eta tokian tokiko hamaika izen ditu: Goierrin eta Tolosa aldean babarruna eta indiaba nagusitzen dira; gainera, indoaba, indaba, indibaba, banabarra, baba, baba gorria, ilar beltza,indirarra, mailarra, maikola… ahoz edota hiztegietatik jasoak. Oraindik heze xamarra gerta baliteke ere, lehortu eta ondo mantentzen den jakia da. Eta ziurtatze aldera hala diote: «Bildu eta izozkailuan eduki ohi dugu barruan moxorrorik sortu ez dadin». Hala, luzez gorde daiteke. Eskaintza oraindik ere astetik astera handituko da; «Horrela segitzen badu, babarrun urte ona dator, ale onekoa gainera, hartu eta hartu ari dira eta» zioen Juanita Murgiondo mutiloarrak. Eguraldiak azken hitza, eta aldekoa izan dadila.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend