Iaz ez bezala aurten larunbata aukeratu dute igandearen ordez, bakoitzak ospakizuna nahi beste luzatu ahal izateko. Mendi irteera eta bazkaria antolatu dituzte
Orain hiru urte Legazpiko Lekanazpi elkarteko kideak festa egun bat antolatzen saiatu ziren, ekintzetan ez zuen nahikoa bazkidek izenik eman eta bertan behera geratu zen. Etsi gabe, iaz Lekanazpi Eguna antolatzeari ekin zioten berriro eta igande batean ospatu zuten elkartearen eguna. Igandeko jai hura, mendi buelta eta bazkaria, zinez arrakastatsua izan zen, hainbesteraino ezen aurten larunbatean ospatzea erabaki dutela, «larunbata izanda, nahi duenak ospakizuna luzatzeko aukera izango baitu», Nekane Gonzalez Lekanazpiko bazkideak dioenez. Lekanazpi Eguna ospatuko duten larunbat hori datorrena da, etzi.
Iazko festan 90 lagun elkartu ziren eta oraingoan ere nahikotxo bazkidek eman du honezkero izena. 09:00etan hiru orduko mendi irteera egingo dute Lekanazpi elkartetik bertatik aterata eta Aztiria inguruan.Ondoren, 14:30a aldera bazkideak, senideak eta lagunak bazkari batera bilduko dira elkartean. Bazkaria Oihane Gurrutxaga eta Uxue Untzilla trikitilariek alaituko dute, bazkari aurrea eta ostea.
Lekanazpi Egunaren xedea da «elkarteko kideon arteko harremana bultzatzea eta, bide batez, elkartea bera bultzatzea».
Elkartearen ezaugarriak zeintzuk diren galdetuta, Gonzalezek nabarmendu du, «emakumeak hasieratik bertatik izan dira bazkide eta zuzendaritzan ere arituak dira asko eta asko. Parekidetasunaz gain, euskara ere benetan garrantzitsua da. Beharra izanez gero, gaztelania erabiltzeko arazorik ez dugu, baina batzarretan, bileretan eta bestelako solasaldietan euskara izaten da nagusi».
Parekidetasuna, euskara eta beste ezaugarri bati ere egin dio azpimarra Nekane Gonzalezek, «gurea elkarte irekia eta solidarioa izatea nahi genuke, herriari eta herritarrei ateak irekiko dizkiona».
1981ean ideia bat, 1983an elkarte bat eta egun ‘Leka’
Lekanazpi elkartearen izenak Lenkaburu mendiari egiten dio erreferentzia, Aztiritik gora dagoen mendia da, hain zuzen. 1981ean elkartea sortzeko ideia gorpuzten hasi zen. Garaiko Herri Batasuna alderdiaren inguruko pertsonek hauspotu zuten eta lanean aritu ziren elkartea sortu bidean. 1982an lehenengo batzarra eta 1983an inauguratu zuten Lekanazpi elkartea, egun askorentzat Leka dena.
Sorreran 50-60 lagun inguruk diru ekarpena egin zuten eta gaur-gaurkoz 113 bazkide dira. Betidanik ezker abertzalearekin lotura izan duen elkartea izanda ere, Legazpin antolatu izan diren hamaika ekimenetan parte hartu dute. Hasierako urteetan, adibidez, orduan egiten zen 24 orduko futbol txapelketa batean parte hartzen zuten elkarteko kideek elastiko gorria jantzita.