Irailaren 28tik azaroaren 18ra bitartean 50 ekitaldi inguru izango dira Beasainen, Udazken Kulturalaren barruan. Jazpana Festak 10. urtea beteko du.
Irailaren 28an, erraldoiekin, buruhandiekin eta txistulariekin hasiko da aurtengo Udazken Kulturala eta azaroaren 18ra bitartean, adin desberdinetako herritarrentzako hainbat diziplinatako 50 ekitaldi inguru izango dira.
Musikari dagokionean, Mielotxin, The Salt Lake Vocal Artists, Loinatz abesbatza, Kalakan taldea eta Aitor Etxeberria ariko dira zuzenean. Eta Jazpana Fest jaialdiak hamargarren edizioa beteko duela eta, egitarau berezia prestatu dute urriko azken astebururako.
Bi argitalpen ere aurkeztuko ditu udalak: Beasaingo Paperak bildumaren barruan, Martin Garciak osatutako
Beasain 1920-1970 mendi oharrak; eta memoria historikoari buruzko
Beasain 1936-1945.
Haur eta familientzat, buruhaundiez gain,
Pinotxo antzerkia, kale ekintzak, ipuin kontaketak eta kometa tailerra dira nabarmentzekoak. «Gainera irrintziak botatzen ikasteko aukera ere izango dute
Plaza Irrintzika kaleko ikuskizunera gerturatzen direnek».
Emakumea eta ondarea
Ondarea, emakumearen emaria da izango da 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldien gaia. Honela, Igartzako bisita gidatua emakumeari zuzenduta egongo da.
Emakumeen presentzia XX. mendeko Beasaingo merkataritzan izeneko erakusketa eta Isabel Lobianoren inguruko hitzaldia ere eskainiko dituzte,
Femmes kale antzerkiarekin batera.
Egutegiko argazki lehiaketa
2019ko udal egutegiko argazkiak aukeratzeko lehiaketa ere antolatu du aurten udalak.
Beasain gauez da gaia eta argazkiak hilaren 30a baino lehen bidali behar dira
beasain.eus webguneko formularioa erabilita. Gehienez lau argazki aurkez daitezke, zuri-beltzean edo koloretan, jpg formatuan. 12 argazki aukeratuko dituzte eta 60na euroko saria jasoko dute irabazleek. 2020ko egutegiko gaia ere aurreratu dute udaletik:
Beasaingo natur ondarea eta ingurunea. «Urtebeteko epea izango du nahi duenak argazkiak atera eta bidaltzeko».
Ekitaldirik nabarmenenak:
URRIA
- Bisita gidatu antzeztua. Urriaren 6an Igartzako Monumentu Multzoa eta emakumeek egindako ekarpena aurkeztuko dute.
- Pintura lehiaketa. Urriaren 14an jokatuko da XXVII. Aire zabaleko pintura sariketa.
- Loinatz abesbatza eta Kalakan taldeek kontzertua eskainiko dute urriaren 20an, parrokian.
- Mendi astea. Urriaren 22tik 26ra hitzaldiak, eta 27an eskalada ikastaroa izango dira.
- Bertso saioa. Urriaren 26an Maddi Aiestaran, German Urteaga, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Jone Uria ariko dira kantuan..
- Jazpana! festa. Urriaren 26an eta 27an kontzertuak izango dira Bernedoeneko karpan.
- Txistularien eguna. Goierriko txistularien alardea urriaren 27an egingo dute.
- Beasaingo Paperak. Martin Garciak Beasain, 1920-1970, aro bateko mendi oharrak liburua aurkeztuko du, urriaren 30an edo azaroaren 13an.
AZAROA
- Odolki lehiaketa. Azaroaren 3an izango da Gernika pasealekuan.
- Memoria historikoari buruzko Beasain 1936-1945 liburua aurkeztuko dute.
- Azaroa, Zientziaroa. Azaroaren 3an hasiko da.
- Igartza Musika Beka. Azaroaren 17an Musikeneko ikasleen kontzertuak izango dira.