Baserria eta herria, bat
Lazkaon zazpigarren Basherri eguna ospatuko dute, igandean. Herriko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren erakusleiho izango da plaza, goizean. Baserritar bat omentzeko ekimena hasiko duteLehenengo sektorearen pultsua hartzeko eguna izango da, igandea, La...
Lazkaon zazpigarren Basherri eguna ospatuko dute, igandean. Herriko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren erakusleiho izango da plaza, goizean. Baserritar bat omentzeko ekimena hasiko dute
Lehenengo sektorearen pultsua hartzeko eguna izango da, igandea, Lazkaon. Basherri Egunaren zazpigarren ekitaldia burutuko da, 09:00etatik 14:00etara. Plazan, abere erakusketa, barazki eta baserriko produktuen salpostuak, eta baserritarren beste zenbait alderdi ikusteko modua emango du feriak, beste behin.Ohiko postuak eta animalia sailak jarriko dituzte. Salmenta estalpean, azienden erakusgarriak plazan, eta frontoian taberna eta Enparandegi baserrikoen erakusketa. Artazorroz eginiko alfonbrak eta tapizak prestatu ditu Mari Karmen Garinek, aurten. Juan Joxe Garin anaia otsailean hil zen, eta lekukoarekin jarraituko du arrebak. Pagotxa landarea zer den ere erakutsiko du, etxeko soroan ereindakoa eta maiatzean jasotakoa.
Omenaldia baserritar bati
Berritasun bezala, Basherri Egunaren antolakuntza batzordeak urtero baserritar bat omentzeko asmoa hasiko du, igandean. Ez dute aurreratu zein izango den omendua, «baserritar bat» izango dela eta «sorpresa» izango dela bakarrik. Aurrerantzean ere, omenaldi hori urtero egiteko asmoa daukate. Iaz, hain justu, Enparandegikoei egin zieten omenaldi-aitortza.
Ohi bezala, azokan jakiak erosten dituztenen artean errifa-txartelak banatuko dituzte. Bi saskikada produktu zotz egingo dituzte, bukaeran.
Jan-edana ere ez da faltako. Hirugihar errea eta txorizo egosia prestatuko dute frontoian. San Benito Ikastolako batxilergoko lehen mailakoek salduko dituzte horien pintxoak, euro 1ean. Ikas-bidaiarako izango dute bildutako dirua. Sagardoa txotxetik doan egongo da.