Hemezortzi talderekin eta 200 jokalarirekin hasiko du denboraldia Beasaingo saskibaloi taldeak. 'Baietz lortu kirolean euskaraz jolastea' sentsibilizazio jolasa egingo dute ekitaldi guztietan
2018-2019 denboraldiari hasiera emango dio bihar BKL-k taldeen aurkezpenarekin. Mailaz maila, 18 talde eta 200 jokalari izango ditu aurten BKL-k, Saski Eskolarekin batera. 10:00etan Gernika pasealekuan talde bakoitzaren argazki ofizialak atera ondoren, 12:00ak aldera, Loinazko San Martin plazan elkartuko dira. Musikak eta jokoek lagunduta, taldeen aurkezpen ofiziala egingo dute. Amaieran, jokalari eta entrenatzaile guztiek elkarrekin aterako dute BKL-ren familia argazkia.
Aurkezpenarekin batera,
Baietz lortu kirolean euskaraz jolastea sentsibilizazio ekintza egingo dute Eusportek gidatuta; «Beasainen saskibaloian ere euskaraz jokatzen dela erakutsi nahi dute. Eusporteko Koikili Lertxundiren esanetan, Euskaraldiari keinu eginez eta Euskaraldirako entrenamendu gisa, saskibaloiko baloia oinarri duen bi pegatina egin dituzte. Baloi bat, mikroarekin ageri da,
Euskara hitz egiteko prest leloarekin; eta bestea, belarrietan aurikulak dituela,
Euskara entzuteko prest esaldiarekin. 500 pegatina atera dituzte. Saskibaloi taldearen euskararen inguruko egoera kontuan hartuta, % 75 (375) hitz egiteko prest direnena eta % 25 (125) entzuteko prest daudenena. Honela, Gernika pasealekuan egingo duten taldeen argazki ofizialaren saioan, jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kide bakoitzak dagokion pegatina jarriko du. Plazan egingo den aurkezpen ekitaldira ere pegatinarekin joango dira. Aurkezpena, gehiena, euskaraz egingo dute eta Facebooketik zuzenean ikusteko aukera izango da Internet bidez. Honela, Lertxundiren arabera, «zuzenenean 500 beasaindarrengana iritsiko gara eta zeharka beste 500engana».
Bestalde, arratsaldean, bi partida jokatuko dituzte Antzizar Kiroldegian. Batetik, junior mailako mutilek Cafes Aitona Askatuak B taldearen aurka jokatuko du 16:00etan; eta bestetik, senior mailako neskak Ordiziaren aurka ariko dira, 18:00etan. Arratsaldeko partidei ere balio erantsia emango die euskararekin. «Nesken partidaren zuzeneko emanaldia egingo dugu, talde bakoitzeko adituekin».
Beasaingo Udalak bultzatuta, futbolean eta saskibaloian euskararen erabilera areagotzeko Eusport enpresa egiten ari den proiektuaren barruan kokatzen den ekintza da biharkoa.