Gero eta gertuago dago azaroaren 26a, eta gero eta gertuago dago abenduaren 3ra arte iraungo duen Euskaraldia. Atzo ireki zen 11 egunez euskaraz ariketa sozialean parte hartzeko herritarrek izena emateko epea. Hori dela eta, gaur hasita, ostiralero, a...
Gero eta gertuago dago azaroaren 26a, eta gero eta gertuago dago abenduaren 3ra arte iraungo duen Euskaraldia. Atzo ireki zen
11 egunez euskaraz ariketa sozialean parte hartzeko herritarrek izena emateko epea. Hori dela eta, gaur hasita, ostiralero, azaroaren 23ra arte, informazio mahaiak jarriko dituzte Zubimuzu plazan, 18:00etatik 21:00etara. Informazioa ematearekin batera, izena emateko aukera ere egongo da bertan.
Kalejira eta antzezpenak
Giroa berotzeko eta Euskaraldiaren oinarri diren Ahobizi eta Belarriprest izatea zer den azaltzeko, kalejira egingo dute gaur, 19:00etan, Beasaingo erdiguneko kaleetan, herriko trikitilariek lagunduta. Kale animazioa ere egongo da, antzezpen txikiak eginez, Ahobizi eta Belarriprest rolak azaltzeko eta beasaindarrak Euskaraldian parte hartzera gonbidatzeko.
Lehenengo hitza euskaraz
Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko Euskal Herri osoan egingo den ariketa da Euskaraldia. Ahobizi izateko euskaraz hitz egiten jakin behar da eta bi konpromiso hartuko ditu: ulertzen duenari euskaraz egitea, hark erdaraz erantzuten badu ere, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egitea. Belarriprest izateko, euskara ulertu behar da, gutxienez. Internetez ere eman daiteke izena:
euskaraldia.eus.