Zorionera atari bat da elikadura
Bosgarren urtez egingo dute Monika Perezek eta Isa Diaz legazpiarrek elikadura integraleko ikastaroa. Elikadura lantzeaz gain, norbere barrutik onena ateratzen saiatzen diraBarruak gobernatu daitezkeela dio Monika Perezek, «perfekzioa bilatu ohi dugu,...
Bosgarren urtez egingo dute Monika Perezek eta Isa Diaz legazpiarrek elikadura integraleko ikastaroa. Elikadura lantzeaz gain, norbere barrutik onena ateratzen saiatzen dira
Barruak gobernatu daitezkeela dio Monika Perezek, «perfekzioa bilatu ohi dugu, baina ez da hori helburua, bizitza pentsatu ohi duguna baino errazagoa da, soilagoa. Pertsonak zoriontsuak izatera etorri gara. Norbere buruaren bertsiorik onena izatean datza giltza». Osasun integralaz ari da nonbait. Isa Diaz lagunarekin batera elikadura integraleko ikastaroak jarri ditu martxan bosgarren urtez, Lakiola-Etxeberri baserrian egiten dituzte igandero. Elikadura, hala ere, erreminta bat da, «atari indartsua da eta haren bidez beste esparru askotara irekitzeko aukera dago».Perezen zein Diazen istorio pertsonala ikastaroaren eta egiten duten lanketaren ernamuinak dira. Perez bizitza integraleko terapeuta da. Dietetika eta giza elikadura ikasketak egin zituen eta, betidanik, psikologiarekiko, osasunarekiko eta elikadurarekiko izandako zaletasunak batuta, «pertsonok barruan daukagun onenarekin konektatu eta onena emateko gai izateko bideak jorratu ditut». Prestakuntza oparoa egin du, lehenengo eta behin, bere barrenak trebatu behar izan ditu, «orduan, konturatzen zara gauzak egiten ausartzen hasten zarela». Mugarria izan da bere bizitzan AnamKaral fundazioko Ana Maria Lopez Llana terapeutarekin duen harremana, «berak osasun integrala lantzeko metodo bat asmatu zuen, hamahiru pausotan». Osasun integrala dioenean fisikoa, emozionala, burukoa eta espirituala uztartzen dituen osasunaz ari da.
Isa Diazek beti izan du elikadurarekin hartu-eman berezia, gorabeheratsua ere tarteka. Hamaika froga egin ostean, halako batean, «’unibertsoaren ordenan baldintza gabeko fedea daukat’ esaldia entzun nuen eta esaldi hark zer edo zer aldatu zuen nire barrenean».
Perezen eta Diazen bideak amatasunaren bidez elkartu ziren eta orain arimak lotuta daude biak adiskidetasunetik harago doan harreman sakonean.
Biak ala biak ausartu egin dira eta hori transmititzen dute. Perezek ez zuen sekula kontsulta bat irekitzeko adorea izango zuenik pentsatu; orain bi urte zabaldu zuen. Diazek sukaldaritzarako duen dohaia aurkitu du, kasu egin dio eta makrobiotika sukaldaritza, integrala, praktikatzen du, ogibide bihurtzeraino; menuak egiten ditu eta saldu, irakatsi ere egiten du etxez etxe. «Ostegunetan goiza sukaldatzen ematen dut, mahai gainean plater guztiak prest ditudanean begirada bat ematen diet, prestatu egiten naiz eta kalera joaten naiz banaketa egitera». Bi urtean ez du menu bakar bat errepikatu.
Ausartu ziren eta orduz geroztik, magia!. «Bizitzan magia dago, ez dago kasualitaterik, zoria, seinaleak daude», dio Perezek. Biek ikasitakoa transmititu nahian dabiltza kontsulta lanean, chi-kung-aren eta sukaldaritzaren bitartez, eta elikadura atari bat dela berretsi dute.
Norbere bizitza eraldatzeko gai da, nork bere buruaren kontzientzia har dezake, negatiboa baino positiboa elikatzeko gaitasuna dugu gizakiok, bakoitzak nahi duen hori egin dezake eta, behin bidean jarrita, magia agertzen da. Perezek dioenez, «gizateriak ikasiko du konexio hori egiten, ez nabil etorkizunaz, guri buruz ari naiz. Guk geuk ere egin dezakegu».