Drainatze sistemak hizpide Agenda 21eko Foroan, Legazpin

Bilera Laubideko hexagonoan egingo dute ostegunean, irailak 27

ag21Etzi bilduko da Agenda21eko Foroa. Bilera tokia aldatu dute eta oraingoan Laubideko hexagonoan elkartuko dira 18:30etik 20:00etara. Drainatze iraunkorreko hiri-sistemak ezartzeko Legazpiko udalean lantzen ari diren bi sistemei buruz hitz egingo dute.

Aurretik foroan jorratutako gaia da eta dagoeneko badakite sistema horiek uraren zikloa berreskuratzen laguntzea dutela helburu, hain zuzen, ur hori bera lurzoruan sartzeko modu ezberdinak erabilita: bilketa, iragazketa-arazketa, atxikipenak eginda edota garraiatuz, besteak beste.

Etziko bileran parte hartzen dutenei Latxartegiko parke txikia berritu ondoren nola geratu den azalduko diete eta drainatze iraunkorreko hiri-sistemak nola ezarri dituzten adieraziko diete.

Laubideko parkea
Bestetik, Laubideko parkea estaltzeko proiektuaren harira, drainatze teknika horiek uztartuz osatu duten parkea estaltzeko proiektuaren nondik norakoa azalduko diete eta proiektua foroaren bilerara doazenekin lantzeko asmoa agertu dute. Eguraldiak lagunduz gero, etziko bileran parkera joango dira espazioa bertatik bertara ikustera.

Legazpiarrak foroan parte hartzera animatu nahi dituzte eta proiektu berritzaile honetan nork bere alea jartzea.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend