Gaztetxoen lasterketa 15:00etan hasiko da eta helduena 16:00etan. Gaur, 17:30ean, ibilbidea ezagutzeko aukera dago. Euskal Herriko zirkuituko laugarren proba da
Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko laugarren proba puntuagarria jokatuko da larunbatean Arriaranen, Trigoik eta Intxaurpe elkarteek antolatuta. Hamargarren edizioa izango da aurtengoa. Ohi bezala, adin guztietako kirolariek korrika eta bizikletan aritzeko aukera izango dute Arriarango mendi bideetan barrena.
15:00etan hasita, gaztetxoen lasterketak jokatuko dituzte 2005 eta 2011 urte bitartean jaiotakoek; 14:30ean irekiko da izena emateko aukera. Parte hartzaile guztiei kamiseta eta domina bana oparituko diete.
16:00etan helduen txanda izango da. Lehenengo, 6 kilometro egin beharko dituzte korrika. Jarraian, bizikletak hartu eta 14 kilometro osatu beharko dituzte, azkeneko 2 kilometroak korrika egin aurretik.
Ohi bezala, banaka edo erreleboka parte hartzeko aukera izango da.
kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Irabazleentzat sari metalikoak izango dira eta parte hartzaile guztientzat opari poltsa, kamiseta eta motxila banarekin. Hainbat sari ere zozkatuko dituzte
Zirkuitua ezagutu
Gaur, 17:30ean, Arriarango plazan hitzordua jarri dute, ibilbidea ezagutzeko.