Bihar izango da lehenengo eguna eta gainerakoak, urriaren 24tik 26ra, azaroaren 26tik 30era eta abenduaren 24tik 31ra. LABek elkarretaratzea egin du
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako hitzarmen berriak adosteko negoziaketak «blokeatuta» daudela eta, ELAk 17 greba egun iragarri ditu urtearen amaierara bitarterako. Bihar da lehenengo eguna; urrian, 24tik 26ra egingo dute; azaroaren 26tik 30era; eta abenduan 24tik 31ra. Honela, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte Goierriko egoitzetan eta bihar elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Donostian, diputazioaren aurrean.
ELAren esanetan, «argi dugu nolako akordioa sinatuko dugun: gure hitzarmenak berritzen utzi, gure enpresa hitzarmenetako baldintzak errespetatu, eta soldata hobekuntza nabarmenak ekarri eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan baldintzak onartuko dituena». ELAk salatu duenez, patronalek (Adegi, Matia 2020, Lares eta Acgg) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, «inongo disimulurik gabe, enpresa hitzarmena dugun langileon soldatak izoztea, eskubide sozialak kentzea, enpresa hitzarmenak indargabetzea eta hainbat egoitzatako hobekuntza desagertzea» eskatu du, eta «2005-2008ko hitzarmena abiapuntu gisa hartzea».
«Sektore feminizatua»
Sindikatu abertzalearen esanetan, «badakigu borroka luzea eta gogorra izango dela. Baina lan baldintzak berehala normalizatu, soldata arrakalarekin bukatzeko pausoak eman eta gure sektorean nagusi den prekarietatea behingoz ezabatzeko bidean aurrerapausoak eman nahi ditugu». Izan ere, «negozio eredu hau emakumeak esplotatu eta prekarizatzera espresuki bideratua dago. Esanguratsua da: gizonezkoak nagusi diren pribatizatutako beste eremu batzuetan soldata arrakala % 30ekoa da, urtean 6.000 eurokoa». Ratioak ere egokitu nahi dituzte: «Egoitzen beharra duten gero eta aitona-amona gehiago dago, eta hango ratioak desfasatuta daude».
LABek mobilizazioak egingo ditu herrialdeko hitzarmenaren alde
LAB sindikatua ere mobilizazioetan murgilduta dago, Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmenaren negoziazioaren alde. Atzo auto karabana eta elkarretaratzea egin zuten Ordiziako plazan. LABen esanetan, «urtea beteko da Gipuzkoako Helduen Egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak azken bilera burutu zuenetik, eta ordutik ez dugu inolako harremanik izan, ez patronalekin ezta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere». Era horretan, «beraien utzikeria ulertezina» dela diote, «sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta langileak 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dute, eta kasu batzuetan lan baldintza okerragoekin».
Bost ardatz nagusi ditu LABen eskaerak. Batetik, «adineko pertsonen herrialdeko hitzarmena, sektoreko langile guztientzat multiplo komuntzat hartuz izatea». Bestetik, oinarrizko soldata, «Toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen batez besteari homolagatzea». Enpleguari dagokionean, «egiturazko lanpostuak zuzenean kontratatzea, mugagabe eta aldi osoz». Ratioak egokitzea eta prestakuntzarako, gutxienez, 21 ordu erabiltzea ere eskatzen dute.