Aralarko Igaratzako azken aurkikuntza arkeologikoak ikusteko txango gidatua egingo dute, igandean. Jose Antonio Mujika izango da gidari. Neolitikotik erromatar arorako aztarnak daude
Aralarko arkeologia emankorraren beste orrialde bat igandean irakurri ahalko da. Aralarko Parketxeak txango gidatua antolatu du, eta Igaratzan azken indusketetan atera diren Historiaurreko aztarnak eta informazioak ezagutzeko aukera emango du.
Jose Antonio Mujika arkeologo eta EHUko irakasle beasaindarra ariko da gidari lanetan. Haren taldea 2003tik ari da Enirio-Aralar arakatzen. Igaratzan bertan, zehazki, 2012an hasi ziren ikerketa lanean. Harrespila, megalito eta antzinako egitura batzuk aurkitu dituzte, eta lehenago Barandiaranek lokalizatutakoetan ere esku hartu dute.
«Behin baino gehiagotan emaitza harrigarriak lortu ditu ikerketa taldeak, Beaskinarte eta Aiatzio guneetako aurkikuntzak lekuko», aurreratu du Aralarko Parketxeak.
Izena eman behar da
Igandean 09:00etan abiatuko dira ibiltariak, Lizarrustiko parketxetik. Egun osoko irteera izango da (itzulera, 18:00etarako). Hamaiketakoa, bazkaria, ura eta oinetako egokiak eraman behar ditu norberak. Mendian ibiltzen ohitutakoentzat da.
Aurrez izena eman behar da (943 18 03 35,
barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net), eta 5 euro ordaindu.