Oriako eta Amundaraingo ubideetatik 8.000 kilo zabor inguru atera dituzte Ordizian
Bukatu dute Ordizia zeharkatzen duten bi ibai nagusietako ubideetako, Oriako eta Amundaraingo, garbiketa lanekin. Ia 8.000 kilo zabor atera dituzte. Hasiera batean astebeteko lana izan behar zuena, azkenean bi aste luzatu da. Izan ere, uste baino zabor gehiago zegoen jasotzeko. Txukun lorezaintza enpresa aritu da lanak egiten.
Azken urteotan, udalerriko ikasleei zuzendutako garbiketa kanpainak egin badira ere, legealdi hasieran udalak martxan jarritako Hondakinen Mahaian, “garbiketa sakonagoa egiteko eskaera jaso” zela argitu zuen Joseba Aranburu zinegotziak eta horregatik, “lan profesionala beharrezkoa” zela ere esan zuen.
Hori horrela Txukun lorezaintza enpresako langileak aritu dira garbiketa lanak egiten.