'Antzeztaun' egitaraua ostiralean hasiko da, Funes Troupen ikuskizunarekin. Arte eszeniko ugari ikusi ahalko dira sei egunetan, urriaren 26ra bitartean
Antzerkia eta orotariko arte eszenikoak ongarrituko dituzte, aurten ere, Ataunen. Antzeztaun zikloa antolatu dute udalak, herriko elkarteek eta Intujai antzerki konpainiak. 2012an sortu zutenez geroztik, zazpigarren ekitaldia du, hutsik egin gabe.
Urteroko legez, antzerkiari bultzadatxo bat ematea, eta sektorean lanean ari diren artista, talde eta konpainiei plaza eskaintzea ditu helburu Antzeztaunek. Beti bezala, Ataungo hainbat lekutan barreiatuko dituzte ikuskizunak.
Aurtengo egitarauan sei ikuskizun jarri dituzte, beste horrenbeste egunetan. Intujai taldeko Mai Gorostiaga eta Beatriz Larrañaga arduratzen dira ikuskariak aurkitzeaz. 2010ean sortu zuten taldea, Tolosan, lau urte lehenago abiarazitako proiektua gauzatuta. «Antzerkiaren naturaren bidez bizitza erein, polinizatu eta loratzea da gure asmo bakarra, arlo guztiak landuta», diote Intujaikoek.
Indarra hartzen
Antzerkigintza Ataunen sustraiak botatzen ari dela diote Antzeztaunen sustatzaileek. «Saio batzuk ikusle aldetik apalagoak izaten dira, beste batzuek mugimendu handia dute. Baina, orokorrean, oso gustura gaude Antzeztaunek jasotzen duen harrerarekin», diote antolatzaileek.
Herriko haurrak ere ariko dira.
Antzeztaun zikloa
· Ostirala, urriak 5. Funes Troup taldearen ‘Aukerak’. Joxemiel Barandiaran eskolan, 17:00etan. Euria bada, frontoian.
· Urriak 7, igandea. Bego Alabazanen ‘Johnny cold feet’. Udaletxeko ganbaran, 17:00etan.
· Urriak 13, larunbata. Imanol Ituiñoren ‘Magia parrastan’. Troskaeta tabernan, 22:00etan.
· Urriak 20, larunbata. Hiru Txilipurditan zirko eta antzerki eskolaren ‘Antzerki goxua’ ikuskizuna. Barandiaran Museoan, 17:00etan. Ordu laurdeneko lau saio egingo dituzte.
· Urriak 21, igandea. Sarini Circus taldearen ‘Txoriak txori’. San Gregorioko plazan, 17:00etan.
· Urriak 26, ostirala. Pollo Rosa Produkzioen ‘Gertrudisen lagunak’. San Gregorioko Elkarguneko goiko aretoan, 22:00etan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.