Iker Zubeldia eta Amets Arzallus, Julio Soto eta Beñat Lizasoren aurka lehiatuko dira larunbatean Seguran. Pilotari profesional bat izango dute ondoan. Triki poteoa eta afaria izango dira jarraian
Euskaraldiko ekintzen barruan, larunbatean, hilaren 6an, 18:00etan, Segurako pilotaleku zaharrean ez ohiko ikuskizunazgozatzeko aukera izango da: bertsolariak pilotan. Lau bertsolari, nor baino nor ariko dira pilotan: Iker Zubeldia zegamarra eta Amets Arzallus hendaiarra, Julio Soto gorritiarraren eta Beñat Lizaso azpeitiarraren aurka. Inguruko pilotari profesional bat oraindik erabat zehaztu gabe izango dute ondoan aholkuak emanez botillero lanean.
Giroa berotzeko ez da animazio faltarik izango pilota partidan: hizlaria, animazioa, apustuak, bertsoak… Pilota partidaren ondoren, jaiak jarraituko du, triki poteoarekin eta afariarekin. Triki poteoa Seguran bertan egingo dute eta afaria, Zerainen, Oiharte sagardotegian. Afarira joan nahi dutenek Elorripen eman behar dute izena lehenbailehen. 30 euro balio du afariak eta antolatzaileen esanetan, larunbatean sagardotegian bertan ordainduko da.
Martxoaren 15ean, Iparra-Hegoako bertso afarian sortutako erronka da hau. Iker Zubeldia eta Amets Arzallus ziren orduan bertsotan eta bertsoak entzuten, berriz, Iker Irribarria pilotari aramarra. Larunbatean ikusiko da emaitza.