Oiangu berpizteko abentura EH Bildurekin hasi zen. Iraganeko handikeria nahiek zapuztu ziguten Oiangu berreskuratzeko ametsa. Horretarako, Basque Culinary Center-eko lehen promozioko bost gazteren ilusioa ezinbestekoa izan zen. Ez zen ardura makala hartu zenutena, baina aitortu behar dizuegu ezinezkoa zirudiena lortu duzuela.
Ezinezkoa zirudielako azoka eta sasoiko produktuak oinarri, bertako ekoizle eta hornitzaileekin lan eginda sortutako kalitatezko gastronomia eskaintza, herrikoia ere izan zitekeenik, eta horratx, zuen arrakasta!
Zuen lana ezinbestekoa izan da, Oiangu ordiziarrei berriro gerturatzeko. Gastronomia eskolarik onenean ere ikasi ezin litekeen zerbait eman diozuelako: arima! Gainontzean ez baita lotzen ordiziarrak ez ezik, herriko hainbat eragile ere Oiangura igoaraztea, Oiangu berriro geurea sentitzea.
Horregatik, izugarri sumintzen gaitu proiektu honen amaieran udal gobernuak izan duen ardurak. Azken batean, udalarekin benetako elkarlana egon balitz, ziurrenik jarraituko zenutela entzutea gogorra baita.
2016an Basque Culinaryk Ordiziako Udalarekin zuen hitzarmena bertan behera utziko zuela esan bazuen ere, udala ez da oraindik idatzizko errenuntzia lortzeko gai izan. Deigarria benetan, legegintzaldi honetan hitzarmenak unilateralki apurtzeko zenbaitek duten ahalmena. Ordizia Lantzen kudeatzen zuen Esarbek ere bere kabuz amaitutzat eman zuen udalarekin zeukan hitzarmena, eta hemen ez da ezer gertatzen.
Noski, bitartean bi urte igaro dira, inolako bermerik gabeko luzapen amaigabean, lehiaketa berri baten zain, eta pazientziak muga bat du. Batez ere udalarekin Oianguren etorkizunaz hitz egiteko bilera bat eskatu, eta bazoazela esan arte deitzen ez zaituztela ikusita.
Beraz, Ordiziari eskaini diozuen guztiagatik, eskerrik beroenak Oiangu Baserriko lantaldeari. Udal gobernuari, berriz, adierazi, gure natura, gastronomia, azoka, baserritarrak eta dendariak oinarri hartuta sortutako proiektu herrikoi, hezitzaile eta arrakastatsu bat posible dela, eta berandu baino lehen behar dugula. Horregatik, iraganeko akatsak errepikatzeko tentaldiaren aurrean, guk argi dugu zein den Oianguk behar duen eredua: Oiangu bizirik eta denontzat!
– Adur Ezenarro, Ordiziako EH Bilduren izenean (Ordizia)