Gabirian lanean ari zela istripua izanda 53 urteko gizon bat hil da
Gabiriako Ugarangoikoa auzoan istripu larria gertatu zen, atzo 11:15ean. Fenwick motako zama-kargagailu batekin lanean ari zen 53 urteko gizonezko bat hil da, ibilgailua irauli eta bera azpian harrapatuta. Beasaingoa da. Tokian eta unean hil da.Pasiota...
Pasiotarren komentu eta Edersal enpresaren egoitza izandako eraikin multzotik gertu da istripua. Lehen informazioen arabera, jabeari laguntzen ari zen hildako gizonezkoa —haren lagun bat da—. Txakurrentzat pentsu biltegi modura erabiltzen du eraikina jabeak, eta iritsi berria zen kamioi bat hustera zihoan laguna, makinarekin.
Igeribar baserrietatik komenturako errepidera irteten den bidexkaren bukaeran, bidegurutzean izan zuen ezbeharra.
Antza denez, fenwicka 700 bat metrora dagoen inguruko baserri batean zeukaten gordeta. Laguntzailea, baserritik biltegirantz zihoan ibilgailuarekin, istripua izan zuenean. Ertzaintzak baieztatu du fenwickarekin lanean ari zela hildakoa, baina arduradunek ez dute zehaztu lan istripua izan denik, ez dutelako argitu zer baldintzatan ari zen.