Lehen irasagar fruituak ekartzearekin bat, egindako dultzea ere aukeran da. Sagarrak, bere urrian, ugaritzen ari dira. Gaztaina ederra dago, baina intxaurra, kaxkarra.
Freskotik hotzerako muga non ote den urrian sartu orduko mintzagai. Zortzi gradu besterik ez ziren goizeko 8etan; urtaro berriaren seinale. Eta garaian garaiko kontuak ere bai: sagarra, gaztaina, intxaurra…
Aho batez entzuten da aurtengoa ez dela sagar urtea. Iaz bi urtetako lain eman izan balu bezala, fruitu aldetik ez daude emankor sagarrondoak; «hostoak bai ederrak, bestelako nekerik ez dute izan eta», goizeko berriketaldiko gaien artean. Dagoena, gainera, txikia da eta asko, harjoa. Hala ere, hasita daude errezilak jasotzen, bai lurrekoak baita zuzenean arbolatik ere (kiloa 3 eta 4 euro artean da).Aukeran daude, baita ere, erreineta, jumbo handia, topak delakoa, «gordinik jateko oso gozoa», eta askotan jatorrizko izena jakin gabe «etxeko sagarra» esanez salgai izan ohi dutena.
Gaztaina, aldiz, oso ale ederrekoa ikusten da, kiloa 3 eta 4 euro artean. Goierrikoa ez ezik, Oiartzun aldekoa ere bai.
Oraindik intxaurrik ez dugu ikusi eta ez dirudi intxaur urte ona izango denik. Diotenez, intxaur gutxi izango da, «udaberrian bazetorrela zirudien, baina herdoilak jo eta belztu egin da». «Txikia eta erori ezinik dago, bertan lehortu izan balitz bezala» ere esan digute.
Bestela, barazkietan oraindik ere eskaintza handia da udakoetan. Leka freskoa ugari dago oraindik, baina «horrelako freskurarekin laster geldituko da». Aldiz, geroz eta brokoli, bruselaza edo kale aza gehiago ikusten da.
Landaretan, kanonigo delako hosto txikidun entsaladarako landareak iritsi dira, eta «laster jateko prest izaten da hau» adierazi zigun Patxi Izagirrek. Loretan, biolak eta antirrhinum delakoak jarri dira salgai; aukera astetik astera handitzen doa.
Krema eta ukendua
Aste honetan irasagarra eta irasagar dultzea ekarri duelako aipagai bada ere, etxean egindako krema eta ukendua eskaintzen hasi delako ere aipatu behar da Arantxa Zurutuza. Maite ahizpa eta biak eskaintza berrien eta berezien zale dira. Barazki haziak interneten erosi eta frogatu, inork eskainitako fruitu edo barazki berriak landatu, txertatzeko erretxina aspaldiko usadioa segituz egin eta, azkenik, krema eta ukendua egiten hasi dira.
Kalendula lorearen olioa eta argizagia nahasiz azalerako krema egin dute, eta erredura eta zauritarako ona den ukendua intsusa, berbena eta zaingorri belarrekin. Neurriaren arabera, 5 eta 12 euroko potetxotan jarri dituzte salgai.