Kaki Arkarazo, musikaren mundua sorterrira ekarriz
16-17 urterekin Jokin eta Josuren soinu teknikari hasi zenetik Garate estudioan taldeen ekoizle lanera, musika-bizitza oparoa izan du Kaki Arkarazok. Lazkaon kontatu ditu batzuk, ama eta semeak ondoan.
Bi orduko errepaso dotorea eman zion, herenegun, Kaki Arkarazok (Lazkao, 1961) bere mundualdiaren zati publikoari. Gerriko elkartean, Hitz&Musik zikloan xehetu zituen musika munduko bizipenak. Hitz jario dotorearekin aurrena, Aitor Artzak elkarrizketatuta, eta Martxel eta Luken semeek lagunduta, M-ak, Negu Gorriak eta Kortaturen abesti batzuk jo eta abestu zituen, bukaeran.
Txikitatik piztu zitzaion musikaren «sena» Arkarazori, Laz- kaoko «beheko kalean» bizi zela. Tresna ugari erosi zizkion amak —hitzaldian aurrean izan du—: ahoko soinua, soinua, piano koxkor bat… Piladun tokadiskosa ere bai. Bere bizitzaren bi ardatzak izango ziren haiek, ohargabe: sorkuntza eta ekoizletza.
16-17 urterekin hasi zen, Jokin Lasa eta Josu Irastortza abeslarien soinu teknikari, Fernando Unsainen lekuan (IZ disketxea sortu, eta hara joan zen hura). Hein berean, postua, geroago, Angel Gonzalez Katarain ordiziarrak hartu zion. Lan harreman estua izango zuten helduaroan, Azkarateko estudioan lankide izan baitziren, 2000ra arte.
Bilbon eta Hondarribian
Batxillerra Beasaingo Lizeoan bukatu —lehen belaunaldia—, eta Bilbon Soziologia ikastera joan zen. «Bigarren urtea bukatutakoan utzi nuen, soziologia XX. mendean sistemaren iturgin bihurtu zela konturatu nintzenean; matxura konpondu, denak lehen bezala jarrai zezan».
Ordurako bizibidea bazuen: euskara irakasle Bilboko AEKn. «Hiritartasuna» ezagutu zuen hiri handian. «Han hasi nintzen pentsatzen musikara dedikatuko nintzela». Hondarribiara aldatu zen handik, eta «bohemio eta aberatsen giroa» topatu zuen. Donostian jarri zen gero, Mikel Albisu Antza, Ritxi Aizpuru, Mikel Alvarez eta Ander Iturriotz ordiziarra pisukide zituela. «La crème de la crème».
Musikan, Xabier Montoyarekin M-ak sortu zuten. 1990era arte iraun zuen, Negu Gorriak taldean hasi arte. Aurrez, Muguruza anaien Kortaturen Kolpez kolpe diskoa (1988) ekoitzi zuen. Euskal Telebistan ere ibili zen Arkarazo, 1983an, saio batean.
Beran (Nafarroa) berbena taldea sortu zutenekoa, 2000n Garate estudioa Andoainen ireki zuenekoa, garai bateko letren konpromisoa eta musikaltasuna, Negu Gorriekin birak, ekoizle gisa ezagutu duen talde pila… Ahobizarrik gabe jorratu zituen.
Diskografia eta biografia bat dira, Kaki Arkarazorengan. Ez da alferrik egon euskal musikaren gailurrean 30 urtean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.