Julen Prado beasaindarra
Iruñeko istiluengatik bi urteko espetxe zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak Beasaingo Julen Pradorentzat eta Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura errenteriarrentzat.
Auzitegi Nazionalak bina urteko espetxealdia ezarri zien laurei pasa den ekainean, Iruñean iazko martxoaren 11n egin zen manifestazioaren ondorengo liskarretan parte hartzea egotzita. Fiskaltzak 7 urteko kartzela zigorra eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat, desordena publiko terroristengatik, eta Auzitegiaren bi urteko zigorraren aurka helegitea aurkeztu zuen. Orain eman du jakitera helegitearen ebazpena Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Auzitegiak. Bertan, berretsi egin du bi urteko espetxe zigorra beasaindarrarentzat eta hiru errenteriarrentzat. Liskarrak “terrorismo” ekintzatzat jotzeko, “talde terrorista batek” egin behar dituela esan du Apelazio Auzitegiak, eta ez dela halakorik frogatu dio autoak.