Montse Alkorta: «Kilometroetara etorri zirenei eskerrak eman nahi dizkiet»

Montse_Alkorta

Kilometroak festak zapore gazi-gozoa utzi dio Montse Alkorta Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendariari. Gozoa boluntarioek sekulako lana egin dutelako eta gazia, berriz, eguraldiak lagundu ez duelako.

Nola bizi izan zenituen festaren aurreko egunak eguraldi txarra egingo zuela jakinik?

Larunbatean oraindik itxaropena genuen eta jendeak gogotsu eta lasai lan egin zuen. Protokolo taldeak une kritiko bat izan zuen: dena ikastola aurrean egiteko prestatuta genuen eta iragarpenak ikusita erabaki bat hartu behar genuen. Ez genuen erabaki hori hartu nahi, ordea. Izan ere, sinbologiaz betetako ekitaldi bat genuen: zumarrarekin eta hurritzarekin herrien arteko lotura irudikatu nahi genuen eta elizan hori irudikatzea zaila zen. Gainera, batzuentzat ekitaldi bat eliza batean egiteak konnotazioak ditu. Eliza batean egin genuen, baina ekitaldia laikoa izan zen.

Eliza hori ikastolaren historian oso garrantzitsua izan da.

Pasiotarrak gabe, ez ginateke ezer. Gainera, pasiotarren jarrera goraipatu nahi dut. Ez dakit nola eskertuko dugun gugatik egin dutena. Lehen unetik eliza gure eskura jarri zuten, nahi genuen guztia egiteko. Ruben Belaskoa edozein ordutan etortzeko prest azaldu da.

Nola bizi izan zenuen eguna?

Nire egunak bi zati izan zituen. 08:30etik 14:00etara ekitaldi instituzionaletan egon nintzen eta ikastolaz oso harro sentitu ginen. Dena ondo atera zen eta eguraldiak lagundu egin zuen. 15:00etan lehen balorazioa egiteko elkartu ginen eta espero baino jende gutxiago etorri zela ikusi genuen.

Eguraldi txarra egin zuen arren, kirol egokitu erakustaldia bakarrik suspenditu zen.

Hala da. Etxabururekin zalantzak izan genituen, itxi edo ez itxi, baina zelaiak oso ondo eutsi zion. Dena kontra izan arren, dena aurrera eramateko gai izan ginen. Egun gazi-gozoa izan zen. Gozoa, boluntarioak azken unera arte umoretsu ikusi genituelako. Gazia, egunaren arrakasta eguraldiaren baitan dagoelako.

Zer aipatu zizuten agintariek?

Ikastolak txunditu egin zituen. Eraikin oso handia dugu, sabai altuak ditu… Izan ere, fraide-etxe bateko espazioak dira. Bestalde, zoriondu egin gintuzten. Izan ere, antolaketa perfektua izan zen.

Asko hunkitu al zinen?

Hainbat une hunkigarri egon ziren. Lehenengoa, udalekuen antolatzaileek zintak batu zituztenean. Oso hunkituta ikusi genituen eta gu ere hala geunden. Bestalde, gure ikastolako horrenbeste irakasle liburugintzan aritu direla ikustea ere polita izan zen. Euskal kulturari eta hezkuntzari ekarpen handia egin diote. Aurreskua dantzatzen hasi zirenean eta mundu guztia zutitu zenean asko hunkitu nintzen. Egunaren amaieran jendea dena jasotzen ikustea ere oso hunkigarria izan zen.

Gastuak estaltzea lortuko duzuela uste al duzu?

Hori uste dut. Jai hauek txikitu egin behar dira. Ezin da dena egun baten menpe utzi. Gastuak handiak dira eta urtean zehar egindako lanari esker eutsiko diogu. Egun, Gure Zozketa eta arropa salmentatik ateratzen da etekina, batez ere.

Zer diozu Urretxu eta Zumarragara etortzea erabaki zutenei buruz?

Eskerrak eman nahi dizkiet. Asko ume txikiekin etorri ziren. Iragarpenak ikusita, oso ausartak izan ziren eta meritu handia dute.

Eta antolaketan lan egin duten gurasoei buruz, zer esan?

Ez daukat hitzik egin duten lana eskertzeko. Batzorde buruei, mila esker. Igandean jende asko eta asko ibili zen lanean eta horiei guztiei ere eskerrik asko. Tiketera batzuk espero baino lehenago itxi behar izan ziren eta boluntarioek ez zuten joan nahi. Lanean jarraitu nahi zuten. «Orain zer egin behar dugu? Garbitzera joango al gara?», zioten. Edozertarako prest etorri ziren eta hori eskertzekoa da.

Zer utziko du Kilometroak festak?

10 urte daramatzat zuzendaritzan eta helburu estrategiko bezala familien parte hartzea jartzen genuen, baina ez genuen lortzen. Azken urteetan gurasoak erabaki ahalmena dutela konturatu dira, ardura dutela, eta horren eskutik beraien parte hartzea etorri da. 50. urteurrenean eta Kilometroak festan sekulako komunitatea dugula erakutsi dugu. Dena dominatzen dute: komunikazioa, osasun arloa, muntaia… Handiak garela erakutsi dugu.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend