Oianguko belar-meta erre zuten pasa den irailaren 30ean, Oiangu Baserriaren agur festaren ondoren. Nola gertatu zen ez badakigu ere, garrantzitsua iruditzen zaigu Oianguko metaren balioa herritarrei eta gertaera honen arduradunari adieraztea.
Gehienoi Oiangura iritsi eta baserri ondoan belar-meta ikustea atsegina egiten zitzaigun besterik gabe. Azken finean, Euskal Herriko paisaiaren irudi tipikoa zen, baserria eta meta. Baina hain ohikoak al dira metak gure inguruan? Garai bateko baserriko bizimodua ia galdua dagoela badakigu eta horrekin batera landa lan tradizional ugari ere. Honek, gure paisaia marrazten duten elementu ugari pixkanaka desagerraraztea eragin du, belar-metak eta horiekin estuki lotutako segabelardiak ere, beste askoren artean. Ezin dugu ahaztu gainera paisaia tradizionala eta natura uztartzearen ondorioz sortzen den basabizitza ugaria eta anitza.
Baina belar pila hau egitearen helburua ez zen soilik paisaia tradizionala mantentzea. Auzolanean egindako belar-meta izan zen, herritarrak, Almitza Sega Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak parte hartu genuen honen sorreran, Ordiziako Udalak lagunduta. Eskuz, gurdiz eta abereen indarra baliatuz elkarlanean sortu genuen, Oiangun bertan hazten utzitako belarra segaz moztu ondoren, noski. Egun hartan han izan ginenok, pixkanaka belar-meta bat altxatzearen lan nekeza bertatik bertara ikusi eta ulertu genuen, bela pila hau biziki maitatzeraino.
Gogoratzen dut duela hilabete batzuk belar-metarekin jolasean zeuden ume batzuei esandakoa: «Badakit gustora zabiltzatela jolasean, baina meta hau egitea lan nekeza izan zen. Jende askok parte hartu genuen eta horregatik asko maite dugu. Axola zaizue meta zaintzea?». Metatik belarra askatzen zeuden umeak belarra bere tokian jartzen hasi ziren.
Testu honen bitartez, umeei emandako mezu berbera helduengana zabaldu nahi dugu. Gai izango al gara ume haiek bezalako jarrera ulerkorra izan eta Oianguko belar-meta, larreak, zuhaitzak, animaliak, landareak eta mahaiak zaintzeko?
Oiangu den bezalakoa izaten jarraitzea nahi badugu, arduraz jokatu behar dugu.
– Yoana Garzia (Aranzadi Zientzia Elkartea)