Basoaren kultura ahaztu ez dadin

‘Zegama: Basoaren kultura’ egitasmoaren barruan, bederatzi pago kimatu eta horiek ezagutzeko bisita antolatu dute. Anduetza parketxean txondorra piztuko dute larunbatean
Zegama__Basoaren_kultura

Udaleko, parketxeko eta aldundiko arduradun eta teknikariak, Anduetzako txondorraren aurrean // A. Apalategi

Mendialdeko herriek betidanik izan dute lotura estua basoarekin. Gizakiaren eta naturaren arteko harreman horretan, kultura oso bat sortu da. Basoaren kultura hori mantendu eta ezagutaratzeko asmoz, hainbat ekimen eta ekitaldi antolatu dituzte Zegaman. Zuhaitz lepatuak berreskuratu eta azalduko dituzte batetik; eta bestetik, txondorra piztuko dute, garai bateko eran.

Zegama__Basoaren_kultura-1Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak bultzatu dute Zegama: Basoaren kultura egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Parketxe Sarearekin batera. Aizkorriko parke naturalak eta basoak ematen dituen baliabideak erakusteko ahaleginean «hogei urteko bidea» egin dutela nabarmendu du Joseba Izagirre alkateak. Egurraren museoa eraikitzea eta parketxearen sorrera jo ditu mugarri.

Kontserbazioz gain, «dibulgazioak duen garrantzia» aipatu du Izagirrek. Hala, «paisaia kulturalaren ulermena eta ezaguera» sustatatu nahi dituzte. Bide horretan, zuhaitz lepatuak «basoaren kudeaketa jasangarriaren eredu eta biodibertsitatearen gordailu» izan direla dio. Izan ere, Murgisarriko basoan bederatzi pago lepatu dituzte, teknika hori ezagutarazteko asmoz. Pago gazteak bi metroko altueran lepatzen ziren, kimu berriak eman eta gehiago iraun zezaten.

Zegama__Basoaren_kultura-2Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendariaren hitzetan, zuhaitz lepatuak «kultur paisaiaren parte» dira; «natur eremuaren eta gizakiaren arteko elkarbizitzaren fruitua». Inguruko baso gehienak «gizakiak landatutakoak eta ustiatutakoak» direla gogorarazi du. Eta hori ere «ondarea» dela dio.

Gizakiak duela urte gutxira arte izan duen «energia iturri nagusietako bat basoko egurra eta hortik sortzen zen ikatza» izan direla azaldu du Bixente Dorronso Mendi Zuzendaritzako lehen ataleko arduradunak. «Gizakiarentzat errazagoa da zuhaitza oinetik jotzea, baina hala eginez gero, ematen dituen altzuma berriak animaliek jaten dituzte. Gizakiaren altueran joz gero berriz, altzuma ganadutik salbu gelditzen da». Horrela sortu ziren zuhaitz lepamotzak.

Txondorra eta ibilaldia

Zegama: Basoaren kultura egitasmoaren barruan, bi ekintza nagusi izango dituzte datozen asteetan. Larunbat honetan, txondorra piztuko dute Anduetzan; ia hilabetez egongo da martxan, azaroaren 11n itzaldu eta zabalduko baitute. Hilaren 21ean berriz, Murgisarriko basoa eta bertan lepatu dituzten bederatzi pagoak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, Alvaro Aragon Ruano EHU-ko irakasleak gidatuta.

Zegama__Basoaren_kultura-3

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend