Udazkeneko ohiko feria izan da atzokoa, eta jendez eta salmentaz bizi joan da. Garaiko barazkiak ugaritzen hasi dira, eta perretxikoen atalean onddo eskasia da hizpide nagusia.
Barazkietan azalorea azpimarratzeko. Sasoiko lehenak ekartzen hasi dira. Sal mahai ezberdinetan ikusi ditugu, buru txiki-txiki nahiz ederrekoak ziren aukeran, 1,5 eta2,5 euro artean. Aza buru txiki batzuk ere bai. Baina neurria ez omen da arazo izaten: «Pertsona bakarrentzako egokiak dira eta laster saltzen dira», aipatzen zigun Altzagako Arantxa Lopetegi. Porru, zerba, ziazerba, borraja, kale aza, eskarola, brokolia… neguari begira ere iraungo dutenak dira. Eta udatik datozenen artean, kuiatxoa, berenjena, leka, tomatea, piper mota ezberdinak (ozpinetakoa, luzea, gernika, morroa, italiarra…) ugari daude oraindik. Ez da harritzekoa, izan ere «badakizu ze udazken egiten ari den» zioten ekoizleek pozarren.
Babarruna ere ederki dator, oraintxe beltza aletua (13-14 euroan kiloa), eta zuria lekan edota aletua (8-10 euroan kiloa). Harritzekoa da produktu jakin batzuen tokian tokiko aldea prezioan. Babarrun zuriaz ari gara. Donibane Lohizuneko merkatuan Ziburukoa salgai da kiloa 4 euroan, Ordiziakoan, bikoitza. Eskaeraren eta bezeroaren produktuarekiko zaletasunaren marka, nonbait.
Frutetan, lehen mizpirak (kiloa 3 euroan) ekarri ditu Baliarraingo Edurne Jauregik, baina oraindik jateko puntuan izan arte itxoin egin behar da. Gainerakoan, basakana edo arantzamiloa, hurra, sagarra, irasagarra eta gaztaina aukeran daude.
Hemengo onddorik ez
Perretxikotan, urria ere aurrera eta hemengo onddo eza aipamen bihurtzen ari da; kanpotik ekarritakoak betetzen dute hutsunea. Aukera aski mugatua bazen ere, Lasaren mahai bueltan jende dezente ibili zen. Postu horretan bakarrik aurkitu zitekeen atzoko eskaintza: onddo, zizahori, mendiko angula eta boilurra bertan.
Elkarrengandik ikastea
Baratzetik merkatura proiektuan parte hartuz, Tanzaniako bost emakume ibili ziren atzo ferian D’elikatuz zentroko arduradunak lagun zituztela. Gure lurraldeko esplotazio, merkaturatze eta enpresa antolaketaren inguruan esperientzia ezberdinak ezagutzera etorriak dira.