Oroimen historikoaren egitaraua Jexux Aizpuruak hasiko du, gaur

Iragana gogora ekartzen oroimen historikoari buruzko zikloa antolatu dute, aurten ere, Ataunen. Gaur hasiko da, eta abenduaren 30era arte lau ekitaldi prestatuko dituzte: hitzaldiak, ikuskizuna eta omenaldia. Barandiaran-Murkondo elkartea, Ataungo Emakume Taldea, Haitzarri, Atauniker eta udala ari dira elkarlanean antolakuntzan.

Ataunikerreko Jexux Aizpuruak ekingo dio zikloari, gaur 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Ataungo herriaren memoria historikoa lantzeko ibilbidea hitzaldia garatuko du.

Oroimen historikoaz zer ulertzen den, non dagoen, zer dagoen egina eta egiteko, nork eta nola egin litekeen, iturriak, zabalkundea eta gaurko belaunaldien erantzukizuna jorratuko ditu Aizpuruak, besteak beste.

«Globalizazioak ohartu gabe irents ez gaitzan, berehala eta etengabe egin beharreko ekimena dela deritzot», aurreratu du Jexux Aizpuruak.

Burgosko prozesukoak

Bigarren hitzaldia azaroaren 20an izango da (19:00etan, Aiako Erroipe aterpean). Burgos 1970. Herri bat auzitan hitzaldia egingo dute. Burgosko (Espainia) auzitegi militarrean, gerra kontseiluan epaitu zituzten auzipetuak izango dira hizlari. 1970eko abenduaren 3an hasi zen Burgosko epaiketa, eta ETA erakundeko 16 kide prozesatu zituzten. Sei, heriotzera zigortu zituzten. Tartean ziren Unai eta Jone Dorronsoro Zeberio ataundarrak; heriotza zigorra lehenak, eta 50 urteko kartzela bigarrenak jaso zuten.

Ohi bezala, egitarauko saio bat espresio artistikoei eskainiko diote, Gerrako hotsak sailean. Azaroaren 23an izango da (22:00, Herri Antzokian), Ele! Lorca-Lauaxeta dantza ikuskizuna, Jon Maia dantzariak zuzendua. Federico Garcia Lorca eta Esteban Urkiaga Lauaxeta poetak omentzen ditu, 1936ko gerran fusilatuak biak.

Azkenik, gerraren ondorioak jasandakoen omenaldia abenduaren 30ean izango da, Aian.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend