Katxalin elkartekoek Ordiziako Udalaren elkartasuna ere jaso dute

Ordiziako Udalak ere prentsaurrekoa eman du Katxalini elkartasuna adierazteko. Gainera, balkoian bi xingola arrosa erraldoi jarri dituzte. Xingola horiek Marta Art dendakoen haurrentzako eskulan tailerrean egin dituzte.

Gizarte Ongizateko zinegotziak, Iñaki Dubrueilek, Katxalinek «lan handia» egiten duela aipatu zuen. «Informazio eta sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, emozioak hobeto kudeatzen laguntzen duten terapia saioak antolatzen dituzte eta minbizia dutela jakin berri duten emakumeei eta beraien senitartekoei laguntza eskaintzen diete».

Minbizi arruntena

Bularreko minbizia Euskal Herriko emakumeen artean ohikoena da eta heriotza gehien eragiten dituena da, baina dagoeneko %86a sendatu egiten da. «Bere inpaktua geroz eta txikiagoa da. Izan ere, Osakidetzak geroz eta baliabide gehiago ditu minbizi honi aurre egiteko. Horri esker, goiz detektatzen dute eta tratamenduak pertsonalizatuak eta eraginkorrak dira. Eta ez dira garai batean bezain erasokorrak», esan zuen Dubrueilek.

Katxalineko Garbiñe Aramendik elkarteak bularreko minbizia edo ginekologikoa duten emakume guztiei laguntzeko prest dagoela gogoratu zuen. «Emakumeek parte hartzea eta aktibo izatea nahi dugu».

Goierri beheko emakumeak hilaren 28ko martxan parte hartzera animatu zituen. Katxalinek Ordiziako Zuhaizti gizarte zentroan duen bulegoan eman dezakete izena: asteartetan, 16:00etatik 19:00etara. Bulego horretan minbizia duten emakumeei eta beraien senitartekoei aguntza eskaintzen diete.

Diru bilketa

Ordizian ere diru bilketa egingo dute. Hilaren 17an izango da, azoka egunean. Gizarte Ongizateko zinegotziak herritarrak dirua ematera eta Donostiako martxan parte hartzera animatu zituen. «Ordiziako Udalak urteak daramatza Katxalinekin lan egiten eta hala jarraituko dugu», amaitu zuen zinegotzi ordiziarrak.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend