Amporen mekanizazio planta berria, martxan

Idiazabalgo Ampo kooperatibak mekanizaziorako planta berria jarri du martxan. Gaur egin dute irekiera ekitaldi ofiziala, Goierriko enpresa munduko eta euskal erakunde publikoetako ordezkariekin. Lantegi berriak 12.500 metro koadroko azalera du, eta 22 milioi euroko inbertsioa egin dute. Bertan, “merkatuko 4.0 mekanizazio zentro adimentsuenak” instalatu dituzte, eta “bezeroei zerbitzu gama zabalago bat eskaintzeko” ekipo berriak.

Pablo Mendizabal Ampoko zuzendari nagusiak “bezeroei balio erantsi altuagoko eta geometria konplexuagoko osagaiak” eskaini ahal izango dizkietela azaldu du, baina baita Amporo “soluzioen kalitate maila eta zerbitzua” hobetzeko aukera emango diola ere. Sektorearen egoera onena ez bada ere, “proiektu honetan ilusio handia” jarri dutela esan du, eta “talde honekin dena posible” izango dela.

Jon Gorrotxategi Ampoko presidenteak berriz, “kooperatibak aldaketen aurrean moldatzeko ahalmena eta malgutasuna” erakutsi izan dituela azpimarratu du, eta proiektu honek “Ampoko pertsonekiko, gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa” indartzen duela. Inbertsio honi esker, mekanizazio plantako lanpostuak %20 gehituko direla esan du, eta baita azpikontratazioen beharrak ere.

Erakundeetako ordezkaritzaren buruan, Iñigo Urkullu lehendakaria etorri da. Duela lau urte, Amporen 50. urtemugako ekitaldira etorri zela izan du gogoan, eta orduan ere, “kalitatea, langileen partehartzea, berrikuntza eta mundura zabaltzea” izan zituzten hizpide. Gaurko ekitaldian, “kooperazioa eta industria uztartu” direla azpimarratu du, erakundeen eta enpresen arteko elkarlana aintzat hartuta.

Markel Olano diputatu nagusiak berriz, inbertsio hau “une egokian eta behar den bezala” egin izana eskertu du, bere ustez, “egoera ekonomikoa ona denean” egin behar baitira horrelako ahaleginak. Hala, “Gipuzkoako eta Euskal Herriko enpresa guztiei” horixe bera opa diela esan du.

Ingurugiroarekiko errespetua

Eraikin berria jasangarria ere bada, ingurugiroa errespetatuz eta lan jardueran ingurumen eraginak minimizatzeko helburuarekin egin baitute. Planta berriaren diseinua eta eraikuntza LEED ziurtagiriaren irizpideak jarraituz egin dute, eta horri esker, U.S Green Building Council-ek eskaintzen duen LEED Gold ziurtagiria jaso du. Ura eta energia aurrezteko neurriak hartu dituzte, eta material eta baliabide jasangarriagoak erabili dituzte. Eraginkortasun energetikoa lortzeko, bi neurri nagusi hartu dituzte: batetik, sabaiko estalki berdea, isolamendu termikoa lortuz; eta bestetik, argiztapen naturala erabili dute, argizuloak eta aerogel materialeko panelak erabilita.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend