Eguraldia iragarriz, geroz eta sona handiagoa ari da izaten Goierriko Aztia ('El Brujo del Goiherri' deitua), sareetan. Aro hotz bat datorrela dio, eta udazken-neguak, «gordinak»Noiz hasi zen Goierriko Aztia eguraldia iragartzen?Senitartekoei eta ger...
Eguraldia iragarriz, geroz eta sona handiagoa ari da izaten
Goierriko Aztia (‘El Brujo del Goiherri’ deitua), sareetan. Aro hotz bat datorrela dio, eta udazken-neguak, «gordinak».
Goierriko Aztiak sare sozialetan erabiltzen duen irudia.
Noiz hasi zen Goierriko Aztia eguraldia iragartzen?
Senitartekoei eta gertukoei zer eguraldi datorren esaten urteak daramatzat, baina Facebooken aurtengo ekainaren 8an hasi nintzen. Lagunek hainbeste aldiz eskatuta, eguraldia iragartzeko ditudan gaitasunak ezagutaraztera animatu nintzen.
Zaletasuna, lana, jakin-mina… Zer da zuretzat iragartzea?
Bizitza guztian eduki dudan zaletasuna da. Meteorologiak betidanik liluratu izan nau, baita astrologiak, naturak eta itsasoen portaerak ere. Txikitandik egon izan naiz zeruari begira, tximistak eta trumoiak behatuz, zergatik gertatzen diren harrituta.
Maien
ikusmena-rekin eta iragarpenekin asko identifikatzen naiz, izarrak eta natura nola behatzen zituzten, eta gertatuko zena nola aurreikusten zuten.
Zenbat denborarekin ematen dituzu iragarpenak?
Nire iragarpenak epe motz, ertain eta luzera dira, baina zehatza hamabost-bat eguneko aurrerapenarekin ematen dut; batzuetan, hilabetekoarekin.
Zer metodo eta teknika duzu?
Animalien portaerari, basoei eta, batez ere, itsasoari eta korronteei begiratuta, hilabete batzuetako aurrerapenarekin jakin dezaket zer datorren. Golkoko korronteek zoratzen naute. Horien guztien baturan oinarritzen naiz, mapa europar eta amerikarrak eta grafikak erantsita.
Iradoki duzu aro hotz bat datorrela. Zehatz dezakezu?
30 urteko eguzki zikloaren baxuenean gaude. Aste asko daramagu eguzkian orbanik batere gabe, eta horrek eragiten du CME (koroako masaren jaurtitzea) Lurreraino ez iristea. Planeta osoa hozten da horrela. Bestetik, CMErik ez baldin badago, galaxiatik datozen izpi kosmikoak gehiago sartzen dira gure planetara; hodeitza, prezipitazioak, hoztea eta hondamendi natural bortitzagoak eragiten ditu. Toki askotan ari gara hori ikusten, eta gehiagora joango dira.
Epe motzera, udazkena eta negua nolakoak datoz?
Oso gordinak. Gure Euskadi maitera ekaitzak bata bestearen atzetik iritsiko dira. Pasatzen den aste bakoitzeko, hotz handiagoa egingo du. Kalean elurte dezente ikusiko ditugu; negua iritsi baino lehen hasiko dira elurteak, gainera.
Zuretzat zein da eguraldi ‘ona’, eta zein ‘txarra’?
Niretzat, eguraldi ona beroa eta hodeirik batere ez egotea da. Eguraldi txarra, berriz, termometroa uste baino gehiago jaisten denean eta euria hasten duenean. Horrela ulertzen ez dutenak badaude, eguraldi txarra zikloia dela esaten dutenak.
Zer eremu geografiko kontrolatzen duzu?
Euskal Herria. Gure lurrean zentratu nahi dut, gure klimaren etorkizuna hobeto emateko.
Zer bitarteko dituzu iragarpenak zabaltzeko?
Oraingoz Facebook bakarrik erabiltzen dut, baina webgune pertsonalizatu bat sortzeko aukera aztertzen ari naiz. Hedabide batzuek interesa agertu dute nire jakinduria bertako aldizkarietan argitaratzeko. Facebooken gero eta jarraipen handiagoa daukat, hiletik hilera bisitak ugaritu dira. Asmatutako iragarpenengatik, gero eta jarraitzaile gehiago ditut, Euskal Herriz kanpo ere bai.
Anonimotasunarekin zuhurra zara. Ez litzaizuke gustatuko izen-abizenekin ateratzea?
Anonimotasuna gustatzen zait, eta horrela izaten jarraitzea nahi dut. Publikoaren aurrean lan egiten dut, eta ez nuke nahi nire lanpostura jendea zer eguraldi egingo duen galdezka etortzea.
Non bizi zaren esaterik bai?
Ibarrakoa naiz, baina hamar urte daramat Lazkaon bizitzen. Herri zoragarri horretan beste urte askoan jarraitzea espero dut.
‘Azti’ deitzen diozu zure buruari. Arrazoiren batengatik?
Aztiek, antzina, naturari, zeruari edo itsasoei begira iragarpenak egiten zituzten. Ama lurrari lotuta nago, eta aztiaren deskribapen horrekin oso ongi identifikatzen naiz.