Lau gune, 12 talde eta 50 bat musikari eta 3 eguneko egitaraia dakartza Ordiziarrock jaialdiak. Entzumen arazoak eta mugikortasun urria dutenentzat eremuak egokituko dituzte
Gainean da Ordiziarock jaialdiaren 15. edizioa eta beste behin ere eskaintza oso zabalarekin dator. Euskal Herri osoko eta atzerriko taldeak izango dira, Herbehereetatik, Suitzatik eta Kataluniatik etorritako taldeak, hain zuzen. Nazareno DJ, La Furia, Revolta Permanent, Koba eta The Gin Ties izango dira aurtengo kartel buruak.
Jaialdi osoan zehar, lau gune, 12 talde, 50 musikari eta musika anitzak izango dira: zeltiar musika, hard-korea, rap-a edo rock and roll-a entzun ahalko dira besteak beste.
Gainera, Jon Olano, ‘Olarius’ bezala ezagunagoa zena, gogoan izango dute jaialdian.
Egitarau oparoa
Musika estilo guztiei tartea emateko asmoarekin, Donegal Harp Trio taldeak irekiko du Ordiziarrock jaialdia, bihar, osteguna D’elikatuz zentroan, 19:30ean. Aurtengoan ere, entzumen arazoak dituztenentzat egokituta egongo da.
Ostiralean, hilak 19,
Ordizia elkartuz herri ikuskizunean parte hartuko dute Ordiziarrockeko kideek. Musika eta dantza uztartuko dituen emanaldia da. Ostiralean baita ere, baina Gaztetxean, Trance, Young Mountain, Tooth eta Anteros taldeek joko dute, 21:00etan hasita.
Egun handia larunbata izango da, hilaren 20a. Aukera ugari eskainiko ditu egunak: 12:00etan hasita, Trakamatraka taldeak kontzertu didaktikoa eskainiko du Plaza Nagusian eta 19:00etatik aurrera, Broken Brothers Brass Band taldearen txanda izango da.
Larunbatean baita ere, baina Beti Alai pilotalekuan kokatuko duten Znort gunean, Ordiziarockeko ekitaldi nagusia izango da. 20:30ean ekingo diote, Nazareno DJaren emanaldiarekin. Jarraian, Koban, La Furia, Revolta Permanent eta The Gin Ties taldeen kontzertuak izango dira.
Znort gunea, entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokituta egongo da baita ere. Eta ez hori bakarrik, mugikortasun urria duten pertsonentzat ere egokituko dute eremu bat.Gainera, gosea asetzeko foodtruck-ak egongo dira.
Protokolo feminista
Ordiziarrockeko kideek eraso sexistarik izan ez dadin protokoloa izango dute. Hori horrela, elkarteko kideak petoarekin identifikatuta egongo dira laguntza behar duenarentzat.