Hiru bozketa izango dira 2019ko maiatzean aldi berean: udalekoa, batzarretakoa eta Europakoa. Apirilaren 2an aterako da deia. Itsasoren gainean, zalantza-hodeia
Hogei urtean behin bat egin dute, eta 2019an etorriko da bozketa hirukoitza. Udal eta foru hauteskundeez gain —lau urterokoak—, Europako Legebiltzarrerako bozak —bost urtean behin izaten dira— egokituko dira, espazio-denbora beretan: maiatzaren 26an, igandea. Orain hurrena, 1999ko ekainaren 13an bat egin zuten hirurek.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak lehengo asteazkenean argitaratu zuen 2019ko informazio erabilgarria, baita egutegia ere. Hauteskundeak deituko dituen dekretua apirilaren 2an aterako da aldizkari ofizialetan, eta, berehalako efektuz, udalbatzak eta Batzar Nagusiak indarrik gabe utziko ditu.
Hautesle elkarteentzat sustengua emateko sinadura bilketa, posta bidez botoa emateko prozedura, eta hautagai zerrendak aurkeztea eta aldarrikatzea etorriko dira ondoren, apirila bukatu aurretik.
Hauteskunde kanpaina, ohi bezala, bozketa aurreko bi asteetan izango da, maiatzaren 10etik 24ra. Bezpera hausnarketarako utzi, eta 26an joan ahalko dute 18 urtetik gorako goierritarrek botoa ematera.
Hiru papertxo sartu beharko dituzte hautesleek, hautetsontzi banatan: gutunazal zuria udalerako, arrea batzarretarako, eta urdin argia europarrerako.
Itsason bai ala ez
Segurtasun Sailaren informazioaren artean, Itsaso herriari dagokion batek hautsak harrotu ditu. Jaurlaritzaren arabera, Itsaso «ezingo» da Gipuzkoako 89. udalerri berria izan, «Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean jarritako errekurtsoaren ondorioz».
Harridura lehenik, eta errefusa ondoren, eragin ditu ohar horrek Itsasoko Udalean. 2016an herritarrek galdeketan gehiengo osoz sustengatu zuten herri beregain bihurtzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 21eko dekretuarekin berretsi eta sortu zuen Itsaso udalerri.
Espainiako Gobernuak, hala ere, uko egin zion Itsaso Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeari, eta helegitea aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Bilbon. Auzitegi horrek, 2017ko abenduaren 29ko epaian, arrazoia itsasoarrei eta aldundiari eman zien, gogoratuz udalerrien izendapenaren eskumena Lurralde Historikoena dela, eta Itsaso ondo eratuta zegoela.
Espainiak Auzitegi Gorenera igo du helegitea, eta han dago orain auzia. Itsasoko Udalaren abokatu Juan Landak «bizpahiru urte» kalkulatu ditu, behin betiko epaia iristerako. Bien bitartean, Itsasok foru dekretuan aitortutako eskubide guztiak indarrean dituela ziurtatu du.
Arazoa, etortzekotan, hauteskunde errolda ez ematetik etor liteke. Zentsua ezinbesteko tresna da udal hauteskundeetarako, eta Toki Erakundeen Erregistroan inskribatuta egon beharra dago horretarako.
«Talka» Gipuzkoako aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren artean dago. Korapiloa ildo politikotik ere aska liteke, apirila baino lehenago.