Ampok mekanizazio planta berria inauguratu du Idiazabalen
Instalakuntza berriek 12.500 metro koadro dituzte eta 22 milioi euroko inbertsioa eskatu dute. LEED ingurumen ziurtagiriaren irizpideak jarraituz egin dute eraikinaIdiazabalgo Ampo enpresak bere plan estrategiko berrian jasotako hedapen plana indartzen...
Instalakuntza berriek 12.500 metro koadro dituzte eta 22 milioi euroko inbertsioa eskatu dute. LEED ingurumen ziurtagiriaren irizpideak jarraituz egin dute eraikina
Idiazabalgo Ampo enpresak bere plan estrategiko berrian jasotako hedapen plana indartzen jarraituko du atzo inaguratu zituen mekanizazioko instalazio berriei esker. 12.500 metro koadro hartzen dituzte instalakuntzek eta 22 milioi euroko inbertsioa behar izan du Idiazabalen bertan kokatzen den pabilioi berria diseinatu, eraiki eta martxan jartzeak. Iaz, kooperatibak balbula fabrika bat abiarazi zuen Indian, 13 milioi euroko kostua izan zuen inbertsioak. Honekin guztiarekin, Ampok bere negozio lerroak indartu ditu.Lehendakaria buru izan zuen bisita instituzionalarekin ireki zituen ofizialki ateak Amporen lantegi berriak. Lehendakariarekin batera izan ziren Ampoko Zuzendari Nagusi Pablo Mendizabal, Ampoko Presidente Jon Gorrotxategi, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, Idiazabalgo alkate Ioritz Imaz, Arantxa Tapia sailburua eta Ainhoa Aizpuru eta Iñaki Arriola dipu- tatuak. Diputazioko beste hainbat zuzendari eta Goierri Valley, Goieki, Goierri Fundazioa eta Adegi bezalako beste hainbat erakunde eta enpresatako ordezkariak ere izan ziren.
Plan estrategikoa
Ampok 2017. urtean diseinatu zuen bere plan estrategiko berria. Planaren helburu nagusia «bezeroen beharrei merkatu globalean erantzunak ematen jarraitzeko etorkizuneko estrategia definitzea da».
Plan estrategiko hori abiapuntutzat hartuta, «azken bi urteotan inbertsio plana exekutatzen joan da Ampo, eta guztira 35 milioi eurotik gorako inbertsioak burutu ditu» Mendizabalek adierazi zuenez. Alde batetik, 2017. urtean, Indian martxan jarri zuen planta berrian 13 milioi euro inbertitu zituzten eta beste alde batetik, Idiazabalen atzo inauguratu zuten mekanizazio instalakuntza berri hauetan beste 22 milioi euro inbertitu dituzte.
Honenbestez, Ampok «negozio lerro desberdinak indartu dituela esan daiteke; batetik, galdategia eta bestetik, balbulen diseinu eta ekoizpenera bidera- tutako negozio alorra».
Idiazabalgo lantegi berria «punta-puntakoa da. Merkatuko 4.0 mekanizazio zentro adimentsuenak instalatu dira bertan». Horrez gain, bezeroei zerbitzu zabalago bat eskaintzeko talde berria izango du. Soldadura estaldurak egiteko instalazioak edo entsegu ez suntsitzaileak egiteko guneak ditu, besteak beste.
Ampoko lehendakariak «kooperatibak aldaketen aurrean moldatzeko duen ahalmena eta malgutasuna» azpimarratu zituen eta proiektu honek «Ampoko pertsonekiko, gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa» indartzen duela erantsi zuen. Inbertsio honi esker, mekanizazio plantako lanpostuak %20 gehituko direla esan zuen, eta azpikontratazioen beharraz ere aritu zen.
Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, duela lau urte Amporen 50. urtemugako ekitaldira etorri zela izan zuen gogoan, eta orduan ere «kalitatea, langileen parte hartzea, berrikuntza eta mundura zabaltzea» izan zituzten hizpide. Atzoko ekitaldian, «kooperazioa eta industria uztartu» direla nabarmendu zuen, erakundeen eta enpresen arteko elkarlana aintzat hartuta.
Markel Olano diputatu nagusiak bere aldetik, inbertsio hau «une egokian eta behar den bezala» egin izana eskertu zuen, «bere egoera ekonomikoa ona denean» egin behar baitira horrelako ahaleginak. Hala, «Gipuzkoako eta Euskal Herriko enpresa guztiei» horixe bera opa diela ere esan zuen.
Ingurugiroari errespetua
Idiazabalen kokatzen den eraikin berria jasangarria ere bada, ingurugiroa errespetatuz eta lan jardueran ingurumen eraginak minimizatzeko helburuarekin egin baitute. Planta berriaren diseinua eta eraikuntza LEED ziurtagiriaren irizpideak jarraituz egin dute, eta horri esker, U.S Green Building Council-ek eskaintzen duen LEED Gold ziurtagiria jaso du.