Goizean III. Dantza Eguna izango da herriko plazan 11:30etik aurrera. 18:00etan Baratze pilotalekuan, 42. dantza solte txapelketa jokatuko dute hamalau bikotek
Beste urtebetez, euskal dantzaren topagunea eta erreferentzia izango da larunbatean Segura. Duela hiru urteko ekimenari jarraituz, egun osoko dantza egitaraua antolatu dute aurten ere, 11:30ean hasita. III. Dantza Egunarekin herria dantzan jarri nahi dute, eta dantzari ez den jendea ere dantzan jarriz. Horretarako, lehenengo polka erraldoia egingo dute 11:30ean Azpilla dantza taldeak gidatuta eta ondoren, Ttipika taldearen dantza plaza gidatuekin dantza egiteko aukera izango da.
Indarrak hartzeko, herri bazkaria egingo dute Erreboteko plazako karpan. Txartelak bertan salduko dira: helduak 8 euro eta haurrak 4 euro. 15:30ean, Tio Teronen Semeak dantza taldeak Festamendua ikuskizun berria eskainiko du.
Arratsaldean, 18:00etan, Baratze pilotalekuan hasiko da kalitaterik goreneneko dantza solte ikuskizuna. Euskal Herriko hiru lurraldetako (Gipuzkoa, Araba eta Lapurdi) hamalau bikotek hartuko dute parte; iaz baino bat gehiagok. Bikote bakarra izango da Goierrikoa, Legazpiko Idoia Narbaizak eta Irati Olaizolak osatutakoa. Neskez osatutako bikote bakarra ere izango da legazpiarrena.
Gainerako 13 bikoteak ondorengoak dira: Maider Aginaga-Iker Belintxon (Lezo), Oihana Dottax-Pierre Latasa (Ainhoa-Urruña), Maider Arrieta-Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Larraitz Larrañaga-Amets Amubieta (Azpeitia), Ane Urruzola-Iker Sanz (Villabona-Lezo), Elaia Elorza-German Aranburu (Azpeitia), Idoia Besada-Xabier Artola (Pasaia-Irura), Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara), Maite Beobide-Mikel Subinas (Azpeitia), Sara Chaves-Gorka Etxeandia (Gasteiz), Enara Arrizabalaga-Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), Laura Bastida-Ekain Uzkudun (Azpeitia) eta Leire Eizmendi-Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia).
Besada eta Artola
Azkeneko bi urteetako irabazleak, Idoia Beasada pasaitarra eta Xabier Artola irurarra, Seguran izango dira larunbatean. Bost urtean hiru aldiz txapelketa irabazten dutenek, Segurako Udalaren sari nagusia jasotzen dute Nestor Basterretxeak egindako eskultura irabazlearen herriko udaletxera eramateko, eta kasu honetan, irabazten badute, Besadak eta Artolak aukera izango dute saria Irurara eramateko. Azkeneko sari nagusia Azpitarte anai-arrebek Azkoitiara eramandakoa izan zen, 2007ko ekitaldian.
Gainerako sariei dagokienean, irabazleek 800 euro jasoko dituzte; bigarrenek 600 euro eta hirugarrenek 500 euro. Dantza jantzi dotoreenarentzat 150 euro egongo dira. Hiru lehenengo artean sarituak izan ez diren beste bikote guztiei 200 euro banatuko dizkiete. Txapelketara lehendabiziko aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatzen denak Guillermo Areizaga sari berezia jasoko du. Epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituek osatuko dute.
Dantza doinuetan, aurten berrikuntza izango da: bi arin-arin doinu eta bi fandango doinu joko dituzte, txapelketan aire berriak sartzearren. Isilkara Txistulari taldeak Andoitz eta Basurko Orripekoa fandango doinuak joko ditu eta Estanga anai-arreba trikitilariek Betiko eta Sekulako doinuak. Sarrera salmentan ere berrikuntza izan da aurten: bibe.com webgunearen bitartez ere eros baidaitezke. Egunean bertan, 17:00etan irekiko dute leihatila.
Atsedenaldian, Leioako Antoni Aresti Dantza Eskolak flamenkoaren eta euskal dantzen arteko fusioa eskainiko du Kanta arina koreografiarekin.
Euskal Telebistak gauean
Imanol Artola eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute jaialdia eta ETB-1ek larunbatean bertan eskainiko du Segurako saioa, 22:00etatik aurrera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.