Asteburu Mikologikoa egingo dute etzi eta igandean. Beti Gazte Animakzio lkarteak antolatu du. Aurtengoa 25. ekitaldia da eta etzi izango da egunik oparoena
Legazpiko Mikologia Asteburua 25 aldiz antolatu dute jada. Hori da behintzat Beti Gazte Animakzio elkartekoek egin duten kalkulua, izan ere, etenak egon dira tartean. Nolanahi ere, zenbaki biribila da eta ospatu nahi dute. Aurrekoetan igandean ekintza gehienak egin badituzte ere, etzi izango da oraingoan egunik beteena. Ekintza gehienak, gainera, Azokan egingo dituzte «jende gehiagorengana iristeko» Igor Iñurritegi Beti Gazte elkarteko kidearen arabera.
Bihar jendeak bildutako perretxiko eta onddo aleak jasoko dituzte Lekanazpi elkartean. Aitzitik, aleak eramateko hitzordu nagusia etzi egin dute Azokan. «Azokan egingo dugu bilketa herri guztiari zabaldu nahi diogulako». Sailkapena 15:00ak aldera egingo dute eta bilketa egin dutenei mokadutxoa eskainiko dietela aurreratu du Iñurritegik. Sailkapen lanetan Aranzadi zientzia elkarteko teknikariak egongo dira. Jasotakoarekin erakusketa prestatuko dute eta jendearen galderei erantzuteko prest egongo dira Aranzadikoak.
Erakusketa eta dastaketa 19:00etan irekiko dute Azokan. Ohi bezala, perretxiko eta onddo bete saski bat jarriko dute haren pisura gehien hurbiltzen dena saritzeko. Saria saskia izango da.
«Aurten justu samar ibiliko gara ez baitago perretxiko eta onddo askorik», dio Iñurritegik, «nolanahi ere, erakusketarako ez dugu arazorik izango eta dastaketarako, azken urteetan bezala, Errioxako enpresa baten bitartez, txanpiñoiak eta labore perretxikoak ekarriko ditugu».
Korosti eta Brinkola
Aurten ere, Aranzadikoen aholkuei jarraituz, erakusketan ehun espezietara mugatuko dira, «bilketan ari direnei espezie bakoitzeko ale bana hartu dezatela eskatu diegu».
Biltzaileek perretxiko lekuak zeintzuk diren sekretupean gorde ohi dute, alabaina, Iñurritegik Legazpiko tokiak zeintzuk diren esan du, «Korosti eta Brinkola aldean daude eta ale estimatuenak onddoak izaten dira. Gurean gibelurdina, onddoa eta niskaloa jasotzen da gehien; niskalo ugari egoten da pinudi asko dagoelako». Egunotan 25 bat lagun ari dira basoan barrena erakusketarako eta sailkapenerako ale bila, «Lekanazpiko hainbat kide jubilatuta daude eta haiek dabiltza, baita inguruko beste lagun batzuk ere».
Igandean erakusketa eta dastaketa irekiko dituzte berriro 11:00etan eta umeen marrazki lehiaketa egingo dute. Selfi lehiaketarik ez dute egingo.