Dantza, bertsoa eta musika uztartuko dituen ikuskizuna da bihar ostirala, 20:00etan plazan egingo dutena. Herriko talde eragileen artean prestatu dute
Ordiziako kultur eragileek ikuskizun oso berezia prestatu dute. Guztiek elkarlanean,
Ordizia elkartuz ikuskizuna eskainiko diote herriari, bihar ostirala, 20:00etan, Plaza Nagusian. Kultur eragileen arteko elkar ezagutzatik abiatu eta guztien artean adostutako aurrera begirako urratsak jaso nahi dira.
Ordiziako Hiribilduaren 750. urteurrena dela eta, ostiralekoa emanaldi berezia eta bakarra izango da, eta honen berri eman zuten Jose Miguel Santamaria alkateak eta Izaro Intsausti Amets Bide elkarteko kideak. Haiekin batera,
Ordizia elkartuz ikuskizunean parte hartuko duten talde eragileetako ordezkariak egon ziren agerraldian.
Ikuskizunak ordu eta laurden iraungo du eta dantza, bertsoa eta musika uztartuko ditu. Tartean, Belaño taldeak sortutako hiribilduaren 750. urteurreneko abestia eta bideoklipa entzun eta ikusiko da.
Elkarlanaren fruitua
Elkarlan hau «urtean zehar kultur eragileek herrira begira egiten duten lanaren eta kultur eskaintzaren isla da» Intsaustik argitu zuenez. Horrexegatik, urte berezi honetan ez da kultur agendan ezer berririk asmatu, «egun ditugun ekintzak indartu baizik», erantsi du. Herriko «kultura aberastasuna balioan jarri eta ezagutarazi, kultur eragileen arteko sinergia berriak sortu eta etorkizunera begirako herriko kultur baliabide eta eskaintza lantzea dira helburu nagusiak», prentsaurrean esan zuenez.
Baina ez hori bakarrak, guztien gainetik «elkartasunaren» ideia azpimarratu zuten. «Ezberdinen artean errespetatzea, aukerak ematea, enpatizatzea, ulertzea… Borondate eta gogoarekin, elkarrekin ametsak egi bihurtzea posible dela transmititzea eta emanaldi hau izan dadila adibide, elkartuz gero, ametsak egi bihurtu daitezkeela frogatzeko», nabarmendu zuen.
Herriari oparia
Ordizia elkartuz emanaldi berezi hau gaur hasita asteburuan ospatuko den Ordiziarock jaialdiaren barruan egingo da. Herritar guztientzat «gogoangarria» izateko saiakera berezia egin dute partaideek. Kultur eragileen artean «goxotasun eta mimo guztiz» herriari eskaini nahi dioten «oparia» da.
Herritarrak biharko emanaldira gonbidatu nahian, «gurekin batera ikuskizunean murgildu eta herriko kultur eskaintzan barrena egingo dugun bidean gugana elkartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu» esan zuen Intsaustik.