Zumarragako Udalak tasak eta zergak izoztea erabaki du
Astearteko osoko bilkuran tasak eta zergak izoztea ere onartu zuten. PSE-EE eta EAJko zinegotziek alde bozkatu zuten eta EH Bildu eta Irabazikoak abstenitu egin ziren.PSE-EEk ez ditu gainontzeko alderdien proposamenak aintzat hartu. Mikel Serrano alkat...
PSE-EEk ez ditu gainontzeko alderdien proposamenak aintzat hartu. Mikel Serrano alkateak epez kanpo aurkeztu dituztela esan zuen.
Zumarragako Udalak bost urte daramatza zergak izozten. Serranoren esanetan, zorra inoiz baino txikiagoa delako izoztu ahal dituzte zergak. Urari dagokiona bakarrik igoko da. %2,2, hain zuzen ere. Arcelor Mittalen itxiera dela eta, ur zerbitzua kudeatzen duen Aquarbe enpresa espero baino diru gutxiago jasotzen ari da eta tasa hau galeraren zati bat ordaintzeko igo da.
Gazteentzako laguntzak
Gazteen autonomia eta emantzipazioa bultzatzeko ematen diren diru laguntzen berri ere eman zen. 2018ko hirugarren hiruhilekoan 44 eskaera jaso dira: 39 etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eta bost, autoenplegurako. Eskakizun guztiak bete dituztenez, eskatzaile guztiek jasoko dute diru laguntza. Udalak ia 21.000 euro banatuko ditu. Eskaerak aurkezteko laugarren epea abenduaren 15ean bukatuko da.
Astearteko osoko bilkuran udal langileen soldata %1,75 igotzea ere onartu zuten. Bestalde, Sasieta mankomunitatearen estatutuak aldatzea onartu zuten. Aldaketa horri esker, Itsaso mankomunitatean sartu ahal izango da.
Bukatzeko, alderdi guztiek EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten. Sare herritar taldearen mozio horretan presoen urrunketa politikarekin amaitzea eskatzen da. «ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren aurrean, uste dugu espetxe politika berri bat behar dela. Hain zuzen ere, presoak zigorrak gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubidearen alde».