Andre Mari Jasokundearen parrokian izango da kontzertua, 22:00etan. Kontzertuaren amaieran lau abesti elkarrekin kantatuko dituzte. Logo berria egin du Unai Altolagirrek
Kalakan taldekoak Loinatz abesbatzarekin entseatzen // Argazkia: Juantxo Unanua
Igartza Musikaren eta Udazken Kulturalaren barruan, Loinatz Abesbatza proiektu berriarekin etorriko da bihar, 22:00etan, Andre Mari Zeruratuaren elizan: mundu osoan famatua den Kalakan taldearekin elkarlanean osatutako kontzertua. Martxoan sinfoniko koral arloa landu zuten Mozarten
Requiem-arekin, eta orain, euskal folkari egingo diote keinu. Sarrerak 10 euro balio du eta Mirentxu dendetan eta Jon Aranburu egunkari saltzaileenarenean daude salgai.
Loinatz Abesbatzako Belen Callejoren esanetan, «oso kontzertu desberdina izango da. Plazer bat izan da Loinatz Abesbatzarentzat Kalakanekin harremanetan jarri, lanean hasi eta ekitaldi hau aurrera eramatea». Iaz hartu zuen Jon Aizpuruak Beasaingo abesbatza zuzentzeko ardura eta bere esanetan, «argi neukan musikarekin gauza desberdinak egin nahi nituela. Kasu honetan, euskal folkarekin eta elementu etnikoekin. Gure ideia da, herriari ahalik eta estilorik gehien erakustea».
Aizpuruarentzat, gainera, «luxu bat» da Kalakanekin aritzea, «Kalakan euskal zabaltzaileak dira mundu osoan. Guretzat hemen horrelako talde bat izatea, koralki, musikalki eta pertsonalki, ahaztezina izango da. Esperientzia izugarria da, beraz, eskerrik asko». Kalakaneko Xan Errotabehereren esanetan, «plazer handiz etortzen gara Beasainera Loinatz Abesbatzarekin kantatzeko. Horrelako abesbatzekin aritzea oso aberatsa da». Entseguetan
Kantuz abestiarekin sortu den energia jarri zuen adibidetzat.
Hiru zati izango ditu kontzertuak. Lehenengo, Loinatz Abesbatzak
Ametsetan (J. Busto),
Kristalez inguratuta (E. Ugalde),
Biolin Musikaz (Oskorri – Mold. D. Azurza),
Martxa baten lehen notak (M. Laboa) eta
Axuri beltza (Herrikoa – Mold. J. Busto) abestuko ditu. Jarraian, Kalakanekoek beraien errepertorioa eskainiko dute. Kontzertuaren azkeneko zatian, bi taldeak elkarrekin ariko dira:
Kanta bat eta dantza bat (X. Sarasola),
Kantuz (J. Mendiague – mold. Kalakan),
Euskal jokoak (J. Busto) eta
Sagarra jo! (Herrikoa – Mold. Kalakan) kantatuko dituzte.
Logotipo berria
Beste berrikuntza bat ere aurkeztu du Loinatz Abesbatzak: Unai Altolagirre beasaindar diseinatzaileak egindako logo berria. Loinatz Abesbatzaren lehenengo hizkiak hartuta musikako
La nota irudikatu du, sinbolo musikaleko elementu batzuk erabilita.
La klasikoaren ondoan,
Loinatz Abesbatza Beasain gaur eguneko tipografiarekin idatzita.