Irakurketa tertulia erraldoia egingo dute abenduaren 1ean Beasainen
Euskaraldiarekin bat eginez, Alberdiren eta Igerabideren liburu bana irakurriko dute. Amaierako ekitaldia Igartzan egingo dute. 110 lagunek eman dute dagoeneko izena
Belarri prest eta Ahoz biziz harago, Euskaraldia indartze aldera, irakurketa tertulia erraldoia antolatu du Beasaingo Herri Ekimenak. Abenduaren 1ean, 16:30ean izango da hitzordua eta dagoeneko 110 beasaindar baino gehiago ari dira proposatutako bi liburuetako bat irakurtzen: Uxue Alberdiren Jenisjoplin edo Juan Kruz Igerabidek itzulitako Jordi Sierra i Fabraren Kafka eta panpina bidaiaria. Liburutegian maileguan har daitezke bi liburuak. Parte hartu nahi dutenek beasainhe@gmail.com posta elektronikora bidali behar dute mezua.
Sare koloretsua osatu da dagoeneko Beasainen, esparru desberdinetako herritarrek egin baitute bat erronkarekin. Kirolariak, sortzaileak, ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoak, komunikabideetakoak, langileak, politikariak… daude horien artean. Kartzelan dauden hiru euskal preso ere Iban Apaolaza, Lierni Armendariz eta Mikel Azurmendi gonbidatu dituzte parte hartzera. Izan ere, Herri Ekimenekoen esanetan, «garrantzia eman diogu esparru ezberdinetako jendea irakurtzen jartzeari eta lehen bileratik sobera lortu da hori. Herriko eragile, talde, esparru ia guztiak ari dira irakurtzen, eta banako asko ere bai. Ekimenari herritik, eta herritar ororen partehartzetik gure ekarpena egitea zen helburua, eta dagoeneko oso kopuru esanguratsuetan gabiltza. Pentsa, 100 irakurletik gora gara dagoeneko, tertulia-festarako hilabetetik gora falta denean».
Ekitaldiak bi zati
Bi zati izango ditu abenduaren 1eko ekintzak. Hasteko, 16:30ean, herriko 11 gune desberdinetan eta gutxienez hamaikanako taldeetan banatuta, irakurri den liburuari buruzko tertulia egingo dute. Solasaldirako aukeratuko dituzten guneak ere anitzak izango dira, «oraindik erabat zehaztu gabe badaude ere: elkarteak (Arriaran), Igartza, pilotalekua, udaletxea, HITZA edo Asmube, Urbieta etxea, ikastetxeren bat, lantokiren bat…». Ondoren, 18:00etan, Igartzako jauregian elkartuko dira egitasmoan parte hartu nahi duten guztiek, liburua irakurri ez dutenek ere bai Uxue Alberdi eta Juan Kruz Igerabide idazleekin batera, gaztaina erreak goxagarri dituztela.
Euskara ikusgarri
Beasainen sortu den giroarekin eta egiten ari diren bidearekin gustura daude dagoeneko antolatzaileak: «Ederra da liburutegi eta liburu-dendetan sortu den mugimendua, herritik, herrian eta euskaraz». Liburuak oinarri hartuta, euskara ikusgarri egin nahi du Herri Ekimenak, «euskara ez delako bakarrik etxe eremu barruan egitekoa edo ikastetxeetako kontu bat.. Urte guztian euskara toki guztietan behar dugu: aisialdian, lantokian, kirolean, elkartean, parkean…».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.