Igandean izango da. Izadi Zaleak elkartetik aterako dira mendizaleak 09:00etan eta 17:00etan egingo dute jaitsiera. Garai batean Zingi Zangok antolatzen zuen erromeria
Igandean ospatuko dute Ardanbidetako erromeria Kimu Berri aterpetxearen inguruan, Lakiolan. Zingi Zango euskara elkarteak urteetan antolatu zuen erromeria eta orain bi urte Kimu Berri elkarteak lekukoa hartu zion. Igandean goizetik arratsaldera ekintzak egongo dira.
Ikastolako hainbat eta hainbat gurasok Kimu Berri aterpetxea auzolanean eraiki zutenaren 35. urteurrena bete zen iaz. 2010ean oraindik elkarte ez zen taldea berritu zen eta aterpetxeak zenbait berrikuntza behar zituela eta, elkartea osatu zuten: Kimu Berri elkartea. Gaur-gaurkoz 41 kide dira eta igandero-igandero, hala eguzki beteko egunetan nola elurra mara-mara ari denean, salda eta txorizoa eskaintzen diete mendizaleei aterpetxean.
Ruben Garmendia Kimu Berri elkarteko kidea da, «inoiz, negu gorrian, kideren bat motxilarekin igo da salda eta txorizoa banatzeko eta igandean hutsik ez egiteko». Garmendiak musu truk egiten duten lana dela azpimarratu du, «jendea kanpotik iristen da eta haluzinatu egiten dute borondatearen truke ematen dugulako mokadua. Gure funtzionatzeko erak ere harritu egiten ditu». Igandero 50-60 bat lagun hartzen dituzte aterpetxean.
Auzolanaren espiritua
Kimu Berri elkarteko kideek legazpiarrek daukaten aukera ezagutu dezatela nahi dute, «igandekoaz gain, aterpetxean egun batzuk emateko aukera dago».
Garmendiak atzera egin du denboran eta auzolanean aritu ziren guraso haien filosofia berreskuratu nahi dutela esan du, «mendi irteerak egiten zituzten eta negurako aterpetxea egiteko ideia sortu zitzaien. Agustin Agirrek lur saila eman zien eta hantxe hasi ziren buru-belarri lanean. Auzolanean aritu ziren».
Auzolanaren espiritu horrekin egiten dute Kimu Berrikoek igandeko lana; mendizaleei mokadua eskaintzeko igotzen dira eta hutsunerik sor ez dadin elkar laguntzen dute, baita eguraldiak trabak jartzen dituenean eta igotzeko ibilgailu bereziak behar dituztenean ere.
Ardanbidetako erromeriaren antolaketa garrantzitsua dela dioen arren, Garmendiak igandeko lanari egin dio azpimarra, «erromeria Zingi Zangok antolatzen zuen eta eguraldiak baldintzatzen zuenean herrira jaisten ziren. Guk ez dugu bazkaririk antolatzen, bakoitzak eramaten du berea eta hala bermatzen dugu erromeria Lakiolan egingo dela».
Igandean autobusak egunean zehar joan-etorrian ibiliko dira Laubidetik Lakiolara.
Egitaraua (urriak 28, igandea)
· 09:00. Irteera Izadi Zaleak taldearekin. Izadi Zaleaken egoitzan eta osasun zentroan egin dute hitzordua.
· 10:30. Salda eta txorizoa doan.
· 11:00. Ormazarreta zalditegiko zaldietan paseoak.
· 12:15. Herri kirolak, desafioa.
· 14:15. Bazkari herrikoia. Nork bere bazkaria eraman behar du.
· 16:00. Sokatira mundiala.
· 17:00. Jaitsiera trikitilariekin.
· Autobusa Laubidetik.