Ordiziako Txindoki Grupo Jaso SL taldeak 2018-2019 denboraldi berria aurkeztu du. Aldaketa ugari izango dira, egutegian batzuk eta zuzendaritza taldean beste batzuk, kide berriak sartuta
SONY DSC
Txindoki Grupo Jaso SL Atletismo taldeak 2018-2019 denboraldia aurkeztu zuen pasa den ostiralean, Ordiziako Barrena kultur etxean. Jakinarazi zutenez, «aldaketa ugari» izango da denboraldi berrirako, horietako bat, denboraldiaren beraren iraupena izango da. Azaroaren 1ean ekingo diote eta 2019ko abenduaren 31n bukatuko da.
Txindokiko zuzendaritzak taldeko atleta, entrenatzaile eta gurasoak gonbidatu zituen ekitaldira, eta gonbiteari erantzunez, jende ugari gerturatu zen.
Aldaketa ugari
Denboraldi berriarekin batera, hainbat aldaketa etorriko direla argitu zuten aurkezpenean. Zuzendaritza talde berriaren osaketa da horietako bat. Eneko Agirrezabal izango da lehendakaria. Zuzendaritza taldean kide berriak daude. Naiara Azkonaeskola kirolaren arduraduna izango da; Unai Azpiazuk sare sozialen eta komunikazioaren ardura izango du; eta Koldo Armendariz alebinen eta fondoko atleta gazteen arduraduna izango da. Bestalde, Angel Perez Gipuzkoako Atletismo Federazioko zuzendaritza taldean sartu da.
Denboraldi berriak ekipazio berria ere ekarriko die taldeko atletei. Konpetiziorako arropa berria jasoko dute eta eskuragarri izango dute gainerako ekipazioa ere.
Helburuak
Berrikuntzez gain, denboraldi berriko helburuak ere finkatu ditu klubak. Hiru taldetan banatuta daude eta ondorengoak dira: helburu orokorrak, zehatzak eta kirol helburuak.
Helburu orokorrak hauek dira: Goierriko zaleei atletismoa praktikatzeko bideak ematea, atleta bakoitzaren gaitasunak identifikatzea eta lantzea, gazteengan ohitura osasungarriak txertatzea, eta adiskidetasuna eta autoestima bezalako baloreak lantzea. Denboraldiko helburu zehatzen artean, taldearen aktibitatea beste herri batzuetara zabaltzea eta ekitaldi desberdinen altolaketa daude. Kirol helburua, denboraldiko txapelketa desberdinetan ahalik eta parte hartze handiena eta emaitzarik onenak lortzea izango da.
Harora irteera
Denboraldian burubelarri sartu aurretik, Harora (Errioxa) irteera antolatu dute urriaren 27rako eta 28rako, eta tokiko kanpinean pasako dute gaua. Infantilentzat eta federatuentzat izango da irteera, 40 euro ordainduta.