Bernedo Eneko aparkalekuko karpan hamalau musika taldez gozatzeko aukera izango da ostiralean eta larunbatean. Dohainik dira kontzertuak
Badira 10 urte Beasainen Jazpana Fest! musika jaialdia antolatzen hasi zirela, «inguruko gazteak bertan elkartu eta musikaren erritmo eta doinu zoroekin dantza egin dezaten gorputzak kitto! esan arte». Hamar urte beranduago Jazpanaren filolosofiak berdina izaten jarraitzen du: «Txikitik handira, herritik mundura, ruralak izanez postmoderno sentitu gaitezkeelako. Gure herrian bizi arren, mundura begira gaudelako eta gaur egun mundua ere, gure herrian dagoelako».
Eta hamar urte geroago, Beasain «musikaren mapan jartzea» lortu du Jazpanak. Honela, Xabier Matarranz kultur zinegotziak, «esker handi bat» eman nahi izan die antolaketan dabiltzanei: «Ez da erraza horrelako jaialdi bat antolatzea, urtean zehar indarra mantentzea, ez da erraza urteak pasa ahala ilusioa mantentzea Beasainen horrelako ekintza bat antolatzeko. Udalaren aldetik, benetan eskertzen dugu, gurea egiten dugun helburu bat partekatzea: Beasain mapan kokatzea,Beasain musika mailan erreferentzia bihurtzea. Erreferentzia gara Gipuzkoatik harago». Honela, «zirkuitu musikaletatik kanpoko» hamalau kontzertuz gozatzeko aukera izango da ostiralean eta larunbatean Bernedo Eneko aparkalekuko karpan. Hamar urteotako bi ezaugarri mantenduko ditu X. Jazpana Festak: dohainik izatea eta ordua aldatzen den larunbatean izatea.
‘Olarius’-en omenez
Ostiraleko egitaraua sei kontzertuk osatuko dute, 21:30ean hasita, etxeko talde batekin: Pho Bo. Larunbatean, berriz, 9 kontzertuez gain, egun osoko plana izango da. Izan ere, martxoaren 8an hil zen Jon Olano
Olarius-en omenez, babarrun jana egingo dute eguerdian Jazpanako karpa txikian. «Urtero babarrun jana antolatzen zuen elkartean bere lagunekin bere urtebetetzea ospatzeko. Bera omentzeko ohitura horrekin jarraituz, eta ekintza zabalduz, Jazpanako karpan egingo dugu aurten». 80 lagunek izena emana dute dagoeneko. Jazpanako Pablo Sanchezen esanetan, «guretzat ohore bat da, Jon antolakuntzan nahiko gertu zegoelako».
Arratsaldean, berriz, 17:30ean, Trakamatraka umeentzako tailer-kontzertua izango da. «Birziklatutako elementuekin musika tresnak egingo dituzte eta amaieran kontzertua eskainiko du Tramakatrakakoak».
Musika entzuteaz gain, atsedena hartu eta afaltzeko aukera izango da
Food Truck gunean.
Elkarlanean
Bestalde, iaz hasitako bidearekin jarraituz, udalaren Igartza Musika zikloaren barruan, Aitor Etxebarria gernikarraren kontzertua izango da Jazpanako karpan. «Musika elektronikoaren inguruan ibiltzen da, baina beste proiektu batzuk ere baditu.
Markak dokumentalaren soinu banda egin du. Proposamena iritsi zitzaigun, disko berria aurkeztu nahi zuela bere bandarekin. Disko jartzailea ere bada eta jaialdia ixteko saioa egingo du, El Txef A izenarekin».
Foru aldundiarekin duten hitzarmenaren harira, berriz, Katapulta programaren barruan, Voltaia eta larunbatean Serrulla taldeak ariko dira.
Jazpanako materiala
Azkenik,
tictail.com webgunean, kamisetak, izerditakoak, poltsak… eros daitezke.
Egitaraua
Ostiralean
· Pho Bo (21:30), Giante (22:15), Voltaia (23:00), Toundra (23:45), La Urss (00:50) eta Lie Detectors (01:30).
Larunbatean
· Noir Socha (19:00), Serrulla (19:45), Jamie 4 president (20:30), Aitor Etxebarria (21:15), The Mani-Las (22:30), The Limbos (23:30), Rufus T. Firefly (00:30), Vulk (01:30) eta El Txef A (02:30).