Santu Guztien egunerako lore eta landare eskaintza handia, denboraldiko lehen kiwiak eta Asiako jatorria duen pak choi aza izan dira atzoko feriako azpimarragarrienak.
Azaroaren lehena hurbildu ahala hilerriak lorez betetzen dira. Ohiturak aldatu badira ere oinarriak hor dirau, galdutako senide eta lagunen hilobiak bisitatu eta apaintzea. Lore eskaintza asko zabaldu da, eta tokiaren eta poltsikoaren arabera, aukera oso handia da. Lore biziekin osatutako zentroak daude batetik; txilarra, ziklamena, azalea, biola, pentsamendua, krisantemoa, kalentxoa, larrosa txikiak, krabelina… hauekin egindako konposaketak, 25-47 euro artean daude aukeran. Eta moztutako loreekin egindakoak, izan larrosa edo gladiolo, lilium, krabelin eta abar, garestixeago daude, 70-108 euro artean. Lore bakarreko zentroetara joz, berriz, larrosa dozenarekin egindako zentroa 70 euroan edo dozena eta erdirekin egindakoa 85 euroan; krabelinekin egindakoak, 34-39 euro artean ziren.
Kanpokotik, pak choi aza
Bistara mugatzen direnetatik jan gaietara joz, barazkietan pak choi azak eta kiwiak nobedade. Arantxa Iparragirre Montesenekoak zuen pak choi aza, 2 euroan bakoitza. Jatorriz asiarra da, eta duela urte pare bat edo ekartzen hasi ziren. Propietate on ugari ditu eta gaur egun erraz aurki daitezke errezetak nahiz informazio zabala. Internet bidez erositako hazietatik edo handik bertatik inork ekarrita, gure baratzetan ekoitzitakoak izaten dira ez ohiko barazki hauek. Poliki-poliki ezagutza zabaltzeko eta gustu berrietara egiteko egokiak. Hala gertatu da kale azarekin ere, geroz eta postu gehiagotan ikusten da.
Kiwiak urte gehiago daramatza Euskal Herriko baratze eta arboladietan. Gure egin dugula esan genezake. Urte guztian eros badaitezke ere, hemengo kiwien garaia oraintxe da. Arboletatik lehen izotzaen aurretik jaso behar dira, gogor xamarrak oraindik, eta berez ontzen utzi jan aurretik. Legorretako Juli Otegik ekarri ditu lehenak, kiloa 3 euroan.
Nafarroa Beheretik
Behorlegi eta inguruko talde bat bisitan ikusi genuen atzoko ferian. Haurren eskola oporrak baliatuz, 10 laguneko taldea goiz pasa etorria zen, erosketak eginez ekoizleekin feria berari eta produktuei buruzko jakin mina asetzeko, askorako ematen baitu feriak.