Martxan jarri berria den programaren helburua ikasleak segurtasun gaietan prestatzea da. Kutxa Fundazioak finantzatu du beste batzuen laguntzarekin
Goierri Eskolak Segurtasun, Osasun eta Ingurumen gela inauguratu du. Proiektuaren helburua da ikasleen formakuntzarako baliabide eraginkorra izatea lan esparruan segurtasuna eta osasuna, ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria lantzeko. Herenegun izan zen inaugurazio ekitaldia eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendari Rikar Lamadrid, bidelagun zituela Osalango, Quiron Prevencion eta Su eskolako ordezkariak. Denek azpimarratu zuten segurtasun esparruan ikasleak, etorkizuneko langileak, kontzientziaren garrantzia azken urteetan asko aurreratu arren. «Duela urte batzuk, enpresariarentzat kostua zen segurtasuna garatzea eta langilearentzat tontakeria. Gaur egun hori ez da horrela ikusten eta ondoen ikusten diren eta ondoen doazen enpresek Europa mailan oso serio hartzen dute gai hau».
Martxan jarritako gela berriarekin, hain justu, horixe da bilatzen dena, ikasleak prestatzea segurtasun gaietan. Horretarako, material bibliografikoz, baliabide ezberdinez eta ekipamenduz hornitu dute gunea. «Giltzarria da formakuntzan teoriatik praktikara jauzi egitea, eragile ezberdinen arteko sinergiak batuz, hala nola, administrazioa, enpresak edo hezkuntza zentroak, segurtasunaren, osasunaren eta ingurumenaren kultura sustatzeko», esan zuen Goierri Eskolako arduradun Jose Manuel Hernandezek.
Kutxa Fundazioak finantzatu du proiektua, baina beste hainbat erakunderen babesa ere jaso du.
Hainbat ekimen
Egunotan egiten ari den Segurtasun, Osasun eta Ingurumenaren Astea askorako ematen ari da eta enpresa asko ari dira parte hartzen. Ikasleek birziklapena eta gaikako sailkapena izan dituzte hizpide Ekorec, Sasieta Mankomunitatea eta Ekologistak Martxan-en eskutik. Halaber, Surfrider Foundation Europe taldeak ingurumen ikerketan eta heziketan egiten duen lana azaldu du, eta Kontsumobidek erosketa berdea egiteko irizpide nagusiak jarri ditu mahai gainean.
Parte hartu duten enpresen artean daude, berriz, Praxair, Elektra, Babesa Suzai eta Gamesa, besteak beste.