Ardiei jetzia, gizakiek goretsia
Mari Jose Alkaiagak irabazi du Zaldibiako 24. Mondeju Lehiaketa. 19 lagunek aurkeztu dituzte hestebeteak. Aralarko gazta onenaren saria, Joseba Intsausti ordiziarrarentzatZaldibiako artzaintzaren eta ardien emaitza oparoa izan da, beste urtebetez. Ardi...
Mari Jose Alkaiagak irabazi du Zaldibiako 24. Mondeju Lehiaketa. 19 lagunek aurkeztu dituzte hestebeteak. Aralarko gazta onenaren saria, Joseba Intsausti ordiziarrarentzat
Zaldibiako artzaintzaren eta ardien emaitza oparoa izan da, beste urtebetez. Ardiki Egunaren 24. aldia, igandean, barrurako eguraldia hasi den une berean ospatu da, lehen elurtearen biharamunean.Zaldibiako 24. Mondeju Le- hiaketa Zaldibarrena baserriko Mari Jose Alkaiagak irabazi du. Sortzez Lazkaomendiko Abalin baserrikoa da, eta Zaldibiara ezkondutakoan, amaginarrebak erakutsi zion mondejuak egiten.
Bigarren Illati tabernako Maria Isabel Urkola, eta hirugarren Beti-Gazteko tabernako Mari Sol Pita izan dira. Berdintasun handia izan da lehen mondejuen artean, epaileen balorazioan. 19 lagunek aurkeztu dituzte mondeju zuriak.
Gazta onena Intsaustirena
Aralarko gaztaren 21. lehiaketan, berriz, Joseba Intsausti ordiziarrak lortu du lehen saria. Bigarren Jose Antonio Garmendia orendaindarra, eta hirugarren Mikel Sukia ataundarra izan dira. Aralarren, Esnaurretan bazkatzen dituzte artaldeak lehen biek; Doniturrietan Sukiak. 17 artzainek eraman dituzte lehiaketara gaztak.
Mondeju eta gazta bikotetik harago ere, Ardiki Egunak ia-ia ikur dituen beste bikotasun batzuk ere izan ziren, herenegun. Manuel Labaka zumitzez saskiak egiten aritu zen. Alboan, zutik, Jexux Mendizabal Kaxkagorri artzaina, artilez galtzerdiak egiten. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertolariek jarri zizkioten neurri-errimak festari.
Hotzetik eta umeletik ahal bezala babestuta, Toki-Alai pilotalekuan karpapean eta eliza ondoko arkupeetan salpostuak eta erakusketak jarri dituzte. Zilarrezko ekitaldia izango du Ardiki Egunak 2019an. Orain, hestebete denboraldi bete-betea.