Beasaingo Paperak bildumako 26. zenbakia osatu du Martin Garciak: 'Beasain, 1920-1970, aro bateko mendi oharrak'. 285 argazki bildu ditu. Gaur aurkeztuko du Igartzan
Beasaingo herriaren historia arloz arlo jasotzen duen Beasaingo Paperak bildumako 26. zenbakia aurkeztuko du Martin Garciak gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian:
Beasain 1920-1970, aro bateko mendi oharrak. 430 orri eta 285 argazkietan, 50 urte horietan mendizaletasunak Beasainen izandako bilakaera jaso nahi izan du Garciak. «Beste 50 urteak beste baterako utzi ditugu, 2020an urtean 100 urte beteko dira eta». Gaurko Igartzako aurkezpenean 8 euroan salduko dute liburua eta bihartik aurrera, Mirentxu liburu dendan, Jon Aranburu egunkari saltzailearenean eta udaletxeko Kultur Sailean, 10 euroan.
Beasainen mendizaletasunarekin lotutako lehenengo aipamena 1920-21ekoa da Garciaren esanetan, eta lehenengo argazkia 1922koa. Garciak emandako datuen arabera, beste herrialde batzuekin alderatuta, beranduago iritsi zen mendizaletasun antolatuaren formula Beasainera eta, oro har, Hego Euskal Herrira. «Ingalaterrako lehenengo mendi elkartea 1857an sortu zen, Frantzian 1874an eta Katalunian 1891n. Hemen, Hego Euskal Herrian, lehenengo irteera jendetsu antolatua 1912an Bilbon egin zen, Pagasarrira. Orduan sortu zen Club Alpino Bilbao eta mendi elkarteak sortzen hasi ziren». Beasaingo kasuan, hasiera hartan, futbol elkarteetan txertatuta zegoen mendi saila; 1962an sortu zen Aizkorri Mendi Elkartea.
1922an Murumendira
Beasainen, eta Bilboko Pagasarrirako irteera baino hamar urte beranduago, 1922an egin zen lehenengo irteera antolatu jendetsua, Murumendiko bira deitzen ziotena. «Oso jendetsuak izaten ziren irteerak; ehunka lagun elkartzen ziren. Ihesbide bat zen herritarrentzat. Ez zegoen beste aukera handirik». 1924an Mendiko Euskal-Nafar Federazioa sortzeko Elgetako (Gipuzkoa) bileran, beasaindar ordezkaritza bertan izan zen. «Gipuzkoako 11 herritako 23 elkarte joan ziren. Talde gehienak Bizkaikoak ziren».
Lehenengo mendi irteerak gertuan egin zituzten, «ezin baitzen oso urrutira joan. Batetik, ez zegoelako errepiderik, lurrezko galtzadak ziren. Larraitzera joan nahi izanez gero, lurrezko galtzada zahar batetik joan behar zen. Eta bestetik, ibilgailurik ere ez zegoelako. Lehenengo Mundu Gerraren ondoren izan ziren lehenengo autobusak. Horrek guztiak mugatzen zituen irteerak, eta gertuan egiten zituzten». Pirinioetara egindako lehenengo irteera 1958an egin zuten argazkian. 1961ean Pirinioetako mendirik gailurrena, Aneto, igo zuten. 1968an Alpeetara argazkian joan ziren eta 1969an Mont Blancera. Bilakaera hori gutzia garbi azaltzen da liburuan pausoz pauso». 1971tik aurrera, berriz, eskia eta eskalada ere indarra hartzen hasi ziren eta Beasaingo mendizaleak Andeetara, Mckinleyra edo Himalayara joaten hasi ziren.
Argazkiak izenekin
Urte eta erdian egindako lana da Garciak gaur aurkeztuko duena. Argazkiek leku berezia dute liburuan: 285 guztira, izen-abizenekin hornituak, jende askok egindako lanari aitortza egin nahi izan baitio Garciak. Informazioa bilatzeko garaian, berriz, «paper batzuk bazeuden baina beste batzuk uholdeek eraman dituzte».
Kirol edo mendizaletasun arloan egindakoa biltzearekin batera, mendi elkarteak egindako «ekintza paraleloak» ere nabarmendu nahi izan ditu beasaindarrak liburuan. Usurbe gurutzea esate baterako.
Eta historiako pasarteak arakatzen hasten denean gertatzen den bezala, hainbat bitxikeria ere aurkitu eta jaso ditu: «Ramon Modesto Aranburuk mendi elkarteari egindako martxa, adibidez,
Alborada montañera izenekoa. Bere anaiaRamonek beste martxa bat egin zuen 1920an, Beasain Kirol Elkartearentzat».